Arnaitz Gorriti

Maila mantentzeko aurkari zuzen bati irabazi dio Bilbao Basketek (92-80)

Gaizki ekin arren, defentsa lanari eta suplenteen lanari esker irabazi dute bilbotarrek. Erasoan 16 hiruko saskiratu dituzte Alex Mumbrurenek eta bide batez laugarren garaipena pilatu dute.

Zalantza guztien gainetik, Jaylon Brown oso zorrotz eta zuzen aritu da Fuenlabradaren aurka. (A. ARRIZABALAGA / ACB PHOTO)
Zalantza guztien gainetik, Jaylon Brown oso zorrotz eta zuzen aritu da Fuenlabradaren aurka. (A. ARRIZABALAGA / ACB PHOTO)

Laugarren garaipena poltsikoratu du RETAbet Bilbao Basketek. Emaitzak dioenak baino dexente gehiago sufrituagatik, denboraldi amaieran maila mantentzeko ezinbestekoa zen Fuenlabradari irabaztea eta hala egin dute Mumbruren mutilek. Hirukoz hiruko, 6,75 metroko marratik haratago jaurtitako 16 baloi pasa distuzte uztaitik bizkaitarrek eta horrez gain, Rousellek, Baouteillek, Sergio Rodiguezek eta Brownek 11 puntu edo gehiago lortu dituzte.

Alabaina, petral askoa izan da bilbotarren hasiera, Fuenlabrada baino askoz ere tentsio gutxiagorekin. «Jota» Cuspinera getxoztarrararen mutilek gogorrago ekin diote neurketari, eta akordatzerako 9-17 aurretik dira eta, hori gutxi balitz, Jonathan Rouselle antolatzaile titularrak bi falta pilatu ditu. Horiek hala, gaitzerdi aurreneko laurdena 18-20 amaitu dela ikusi ostean. Bilbotarren aulkitxoko jokalariek ez dute erasoko jokoa hasiera hortan asko hobetu, baina gutxienez errebotea itxi eta Fuenlabradaren hutsegiteak behartu dituzte.

Bada, Alex Mumbrurenek abisu serioa jasota ekin ahal izan diote partidako hurrengo atalari. Defentsan igarri da bizkaitarrek gehiago sakatu egin dutela. Hala, 6-2ko partziala eskuratu dute «beltzezko gizonek» behingoan markagailuan aurrea hartzeko: 24-22.

Hasierako sua itzaltzen joan zaio Fuenlabradari bigarren laurdenean, nahiz eta kantxan Alex Urtasun, Sergi Vidal edo Nico Richotti lako eskarmentudun jokalariak izan. Bilbao Basket bera ere ez da miraririk egiteko moduan egon, baina tarteka hiruko pare bat lortu dituzte Jaylon Brown eta Kulbokak, eta zazpi puntuko aldea atera dute, nahiz eta Alex Urtasunen puntuek Fuenlabrada gertu xamar mantendu.

Arazoak arazo, Axel Bouteillek alderik handiena eman dio Bilbao Basketi atsedenaldira bidean, azken segundoan sarturiko hiruko bati esker, aurreneko zatiko zazpigarrena: 44-36.

Sufritzen jakitearen saria

Joan zen asteburuan Fuenlabradak galduta zuen neurketa irabazi zuen UCAM Murtziaren aurka. Bada, Bilbao Basketek garbi asko ikusi du «Jota» Cuspineraren gizonek ez zutela partida bertan behera botako. Bilbao Basket 49-38 aurreratu bada ere, 0-9ko partziala aitaren batean lortu du Fuenlabradak, Alex Urtasun iruindarraren eskutik.

Ez du, ordea, Madrilgo taldeak aurretik jartzen asmatu, hirukoei esker bederen aldeari eusten asmatu baitute bilbotarrek, azken laurdenera 64-58 iritsiz. Sergio Rodriguez ezinbestekoa izan da hirugarren laurdenean, eta azkenengoan Rouselle eta Bouteille frantsesen kalitatea azaleratu da. Fuenlabradaren oldarraldien gainetik, «beltzezko gizonek» aldea areagotzea lortu dute, eta ezinbesteko laugarren garaipena bermatu dute horrela.

Zentzu horretan, Zaragozak jasandako belarrondokoari buelta ongi eman dio talde bilbotarrak. Egu hartan Lammers, Rodriguez, Brown eta enparauek, delako «LEB Ligako bostekoak» alegia, oso maila eskasa eman zuen, Zaragozako taldeak ez zielako ezer ere egiten laga. Fuenlabradaren aurka, aldiz, oso ongi lehiatu dute eta hasiera eskasa eman arren partidari Bilbao Basketek, neurketari buelta eman eta laugarren garaipena bermatzeko oso baliagarri suertatu dira.

Mumbru: «Lasaitasunari eutsi diogu garaipena lortzeko»

Pozik azaldu da prentsaurrekoa Alex Mumbru, hain garrantzitsua zen betebeharra ondo kunplitu ondoren. «Partida zaila izango zela bagenekien eta bigun xamar ekin diogu gainera. Zorionez, bigarren laurdenetik aurrera gogorrago jokatu dugu eta defentsa hobetzen ekin diogu. Egia da hirugarren laurdenean hutsegite lelo askoak egin ditugula, eta ezin izan dugu azkenera arte partida nahi izan dugun aldera ekarri. Kostata izan bada ere, garaipen garrantzitsua izan da hau, neurri han di baten Miribillako zaleen laguntzari esker lortu duguna. Dena dela, hankasartzeen gainetik, partida ia beti kontrolpean izan dugu eta horrek lasaitasuna mantentzeko lagundu digu, Fuenlabrada gainera etorri zaigun une horietan», bota du bizkaitarren entrenatzaileak.

Etxean erakusten ari diren ziurtasunari buruz galdetuta, Mumbruk adierazi duenez, «bagenekien guretzat oso garrantzitsua izango zela etxean garaipenak ateratzen joatea». «Gure zaleen aurrean jokatzeak asko ematen digu, aldeak markatzen dituen faktorea baita gure jarraitzaileen animoa. Hori beti gure alde egongo dela jakinda ere, oraindik asko dugu egiteko», gaineratu du.