Maddi TXINTXURRETA

Larreko Mahaia sortu dute Gipuzkoan, ingurumen larrialdiari aurre egiteko

Belaunaldi arteko elkarlana ardatz, klima larrialdiaren aurrean neurri zehatzak proposatu dituzte, tarteko, Zubietako erraustegia martxan jartzeko plana bertan behera uztea eta eragile sozialekin elkarrizketa bermatzeko mahai bat sortzea eskatu diete instituzioei.

Larreko Mahaia klima larrialdiaren aurkako plataformaren aurkezpena. (Jon URBE/FOKU)
Larreko Mahaia klima larrialdiaren aurkako plataformaren aurkezpena. (Jon URBE/FOKU)

Ingurumen Larrialdiari aurre egiteko Gipuzkoako mahaia aurkeztu dute astelehen goizean, Donostiako Cristina Enea parkean. Egungo krisi ekologikoarekin eta planetaren zein jendartearen etorkizunarekin «kezkatuta» dauden Gipuzkoako eragileek osatu dute Larreko Mahaia, tartean CCOO, LAB Steilas eta EHNE sindikatuak, Ikasleen sindikatuak, Greenpeace eta Eguzki talde ekologistak, Ernai gazte antolakundea eta Erraustegiaren Aurkako Mugimendua, Extinction Rebellion, Etxalde eta GuraSos eragileak.

«Belaunaldi arteko elkarlanean eta transbertsalitatean» oinarritutako mahaia dela nabarmendu dute Larreko Mahaiko kideek, eta helburu komun baten alde lan egingo dutela iragarri: «Gizartea izan dadila larrialdi [klimatiko] hau kudeatuko duena, erabakitzeko eta kontrolatzeko ahalmen osoarekin, ordezkaritza politikoaren menpe izan gabe».

Adierazi dute larrialdi ekologikoa «ukaezina» dela eta sistema auzitan jarri gabe ezin zaiola irtenbidea eman. Horregatik, eta mundu mailan sortzen ari den sentsibilizazioa probestuz, Gipuzkoan «ingurumena eta bizitza erdigunean jarriko dituen ereduaren aldaketarantz herritarrak aktibatu eta presioa eragiteko» sortu da plataforma.

Hondakinen kudeaketarako neurriak

Hala, eta «planetaren tenperatura igoera 1,5 gradu azpitik mantentzeko», aldaketa zehatzak proposatu dituzte; kasurako, kontsumoa murriztu eta ekoizpen kontsumo gertuagokoak garatu, mugikortasuna birplanteatu garraio publiko eta kolektiboa sustatuz eta energia produkzioa zein erabilera aldatu, CO2 sortzen dutenak eta nuklearrak itxiaz.

Bestalde, arreta berezia jarri dute hondakinen kudeaketan, larrialdi ekologikoan «eragin zuzena» duenez gero. «Oso garbi daukagu –esan dute–: Erraustegiak klima aldaketa areagotzen du eta gainera gipuzkoarren osasunarentzat mehatxu larria da». Horren aurrean, berretsi dute alternatiba hondakinen jerarkia zorrotza jarraitzea dela: murriztu, berrerabili, birziklatu eta geratzen den errefusari tratamendua eman.

Instituzioei dei egin diete, beraz, Zubietako erraustegia martxan jartzeko plana bertan behera utz dezaten eta eragile sozialekin elkarrizketa bermatzeko mahai bat sor dezaten, «hondakinen arazoari denen artean irtenbide egokiena bilatu ahal izateko».

«Ez dugu onartzen errausketa bidez hondakinen arazoari irteera faltsua ematea. Ezin dugu onartu milaka tona CO2 eta NOx, klima aldaketaren sortzaile diren gasak, isuriko dituen instalazio bat», aldarrikatu dute.