‘Izadi Gurasoekin Etxera’ ekimena martxan jarri dute Burlata eta Algortan. Maria Lizarraga eta Iñigo Gutierrez euskal preso politikoen alaba da Izadi. Jakinarazi dutenez, «aita astean behin edo bitan tarte txiki batez ikusten ahal du Izadik, elkarren ondoan bizi arren». Hau dela-eta amak zaintzaren pisu osoa hartu behar du eta aitari «bere papera betetzea ukatzen zaio».
Azpimarratu dutenez, haurra eta aita elkarrekin egoteari «etengabe trabak» jartzen dizkiote. Zentzu horretan, Lizarraga eta Gutierrezi ezarritako urruntze politikak «ondorio are lazgarriagoak ditu ume txiki bat tartean denean, bere inguru naturalean hezteko eskubidea ukatzen bait zaiolako». Kalera «gutxi» ateratzen dela nabarmendu dute, senideek Valentziaraino gerturatu behar dutelako haurra espetxetik ateratzera.
Era berean, egoeraren ondorioz, umeak bere hainbat senide ez dituela ezagutzen salatu dute. Urruntze horrek senideengan suposatzen duen diru gastua ere ekarri dute gogora. «Umeari bere inguruan eta bere herrian egoteko aukera ukatzen zaio; hiru urtez Valentzian bizitzera kondenatuz».
Ekimeneko kideentzako «onartezina» da hiru urte beteko dituen egunean gurasoengandik banatzera behartzea. «Espetxea ez da ume batentzako bizilekua eta espetxeak ez ditu inondik inora asetzen ume batek dituen beharrak. Umearen beharrak behar den bezala asetuak izateko kalean bizi behar du, etxean, gurasoen ondoan».
Horregatik, egoera hau salatzeko, dinamika eta elkartasun ekimen ezberdinak jarriko dira martxan bi herri hauetan. Hitzaldiak, ikuskizunak, azokak Izadi «gurasoekin eta etxean» egon behar duela aldarrikatzeko.