NAIZ

Araluceko langileek mobilizazioetan jarraitzen dute bideragarritasunaren alde

Igorreko Araluce enpresako langileek lanpostuen eta bideragarritasunaren aldeko mobilizazioekin jarraitzen dute. Salatu dutenez, enpresa desegiteko prozesua martxan jartzeko asmoa du Batzek, eta inbertsore bat bilatzeko epea luzatzea eskatzen dute. 141 lanpostu daude arriskuan.

Batz taldearen instalazioak Igorren.
Batz taldearen instalazioak Igorren.

Igorren dagoen Araluce enpresako langileek laugarren astea beteko dute enplegu eta bideragarritasunaren aldeko mobilizazioetan. Prentsa ohar batean gogoratu dute Mondragon Corporacion Corporatibako kide den Batz Taldeak Araluce desegiteko prozesua martxan jartzeko asmoa iragarri duela. 

Langileek salatzen dutenez, 141 lanpostu daude arriskuan desegite prozesu horren ondorioz. Zabaldutako komunikatuan azaldu dute Batz enpresak ez duela batzar bat deitu erabakia jakinarazteko, eta taldetik kanpoko bi lagun bidali dituela berria emateko.

Araluce lantegi igorreztarraren bideragarritasuna bermatzea helburu, langileek inbertsore bat bilatzeko eskainitako epea laburra dela salatzen dute eta denbora gehiago exijitzen dute lanpostuak ziurtatuko dituen irtenbide bat bilatzeko.

Instituzioekin harremanetan

Araluceko langileek jakinarazi dutenez, harremanetan jarri dira Igorreko Udalarekin eta Arratiako Mankomunitatearekin. Era berean, Bizkaiko Batzar Nagusietako ordezkariekin eta Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Saileko arduradunekin kontaktuak abiarazi dituztela azaldu dute, mobilizazioen zergatia azaltzeko.

Langileek Igorreko kaleak zeharkatuko dituzte gaur 13.00etatik 15.00etara; lantegian bertan hasiko dira eta Batz taldearen instalazioetara joango dira; han 40 minutuko elkarretaratzea egingo dute atzera lantegira itzuli aurretik. Asteazken eta ostegunean mobilizazioa errepikatuko dute.