XVI. EiTB Focus inkestaren arabera, EAJk eta Navarra Sumak irabaziko lituzkete azaroaren 10eko hauteskundeak Hego Euskal Herrian. Jeltzaleek botoen %32,6 jasoko lukete Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban, eta zazpi ordezkari eskuratuko lituzkete Madrilgo Kongresuan, aurreko hauteskundeetan baino bat gehiago. Zazpigarren diputatua Bizkaian erdietsiko lukete, Elkarrekin Podemosen kaltetan.
Jeltzaleen ondoren PSE eta EH Bildu izango lirateke indarrik bozkatuenak EAEn, lehena botoen %19,7rekin eta bigarrena %18,3rekin (bi puntu egingo luke gora koalizio independentistak). Biek launa diputatu izango lituzkete Kongresuan, orain bezala.
Ondoren Elkarrekin Podemos kokatuko litzateke, botoen %14,9rekin (hiru puntu gutxiago). Hiru eserleku izango lituzke, orain baino bat gutxiago.
PPk apirilaren 28 hauteskundeetan galdu zuen ordezkaria errekuperatuko luke, EiTB Focusen arabera, eta Ciudadanosek, Voxek eta Mas Paisek ez lukete diputaturik lortuko EAEn.
Nafarroari dagokionez, Navarra Suma izango litzateke indarrik bozkatuena, botoen %28,5ekin; aurreko bozekin alderatuta puntu eskas bat galduko luke. Egun dituen bi ordezkariei eutsiko lieke.
EH Bildu ia bi puntu haziko litzateke boto asmoan (%14) eta ordezkari bat erdietsiko luke Madrilen. PSNk ordezkari bakarra izango luke, bat galduta (botoen %25,3rekin), eta Unidas Podemos ere batekin geratuko litzateke, orain bezala (botoen %18). Ciudadanosek eta Voxek ez lukete diputaturik izango Kongresuan.
EiTB Focus inkesta urriaren 28 eta 30 bitartean egin zuten EAEn, eta urriaren 25ean Nafarroan.