Igandeko Estatu mailako hauteskundeak gertu-gertu direlarik, bideo bat zabaldu dute gaur asteazkenean Mont de Marsanen diren euskal preso politikoek, EH Bilduri boza emateko eskatuz.
Hainbat irudiz osatutako bideo xume honetan beren mezua idatzita ageri da. Hauxe dio: «Azaroaren 10ko Espainiako hauteskundeen aurrean EH Bilduren alde bozka emateko deialdia luzatzen dugu. Aurreko hauteskunde kanpainan adierazitako motiboetan berretsiz, Mont de Marsango espetxean preso gauzkaten militante abertzaleok EH Bilduren zerrendei gure babesa adierazten diegu eta horien alde botoa emateko deia egiten diegu herritar independentistei. Ohikoa denez, gauden lekutik botoa emateko trabak ezartzen dizkigute, baina gure ekarpenak espetxeetako hormak gaindituko ditu berriro ere, gure herriko ekimen eta borrokekin bat egiteko».
«Horregatik, guk ere hauteskunde kanpainan parte hartzeko asmoa dugu eta gure papeletak Euskal Herrian izango dira EH Bilduri bultzada emanez, espainiar errepresioaren aurka, autodeterminazioaren alde eta presoen kaleratzearen alde».
Jakina denez, Mont de Marsan da –Lannemezanekin batera– Estatu frantsesean euskal preso politiko gehien biltzen dituen kartzela, Pariseko Gobernuak euskal ordezkaritzaren batera abiatutako hurbiltze politikaren ondorioz. Hamabi dira une honetan bertan kartzelaratuta direnak.