Aitor AGIRREZABAL
Iruñea

«Hizkuntza eskubide guztiak» errespetatzea aldarrikatu du Iruñeko euskalgintzak

Hamarnaka herritar bildu dira, euskalgintza alorreko ordezkariek deituta, Iruñeko udaletxearen atarian, gaur euskararen ordenantzaren inguruan egingo den bilkuraren harira. «Hizkuntza eskubide guztiak errespetatu behar dituzte instituzioek» aldarrikatu dute eta Enrique Mayari euskara «gatazka eragiteko» erabiltzea leporatu diote.

Hamarnaka herritar bildu dira, euskalgintzak deituta, Iruñeko udaletxearen atarian. (NAIZ)
Hamarnaka herritar bildu dira, euskalgintzak deituta, Iruñeko udaletxearen atarian. (NAIZ)

Iruñeko euskalgintzaren ordezkaritza zabala udaletxearen atarian bildu da nafar hiriburuko euskarararen ordenantzan Enrique Maya alkatearen proposamena salatzeko. «1997ko moduetara itzuli nahi gaituzte», adierazi du IKAko kide den Nekane Otamendik. Horren aurrean, hiritarren hizkuntza eskubideak bermatuko dituen ordenantza baten beharra nabarmendu dute.

Hamarnaka herritar bildu dira ‘Euskaraz bizi nahi dut’ leloa hartuta eta «Maya, entzun, Iruñea euskaldun» oihu artean.

Navarra Sumak 1997ko ordenantza horretatik atzera egin nahi duela azpimarratu du Otamendik. «Lehen euskara zen gaitza, orain elebitasuna bera, baina PSNren akuilua behar dute». Garai hartako egoera ekarri du gogora: «Urteetan UPNren udal Gobernuak euskara ezabatzeko lanari egiten zion erreferentzia. Euskara, ikusten zenean, tamaina txikiagoan, kolore apalagoetan eta informazio murritzagoa emanez agerrarazten zuten. Hori nahikoa ez eta 2007an Barcinak urrats bat haratago eman zuen, bi hizkuntzetan zeuden hainbat kartel soilik gaztelaniaz zeudenengatik ordezkatu zuen». Era berean, duela ez asko arte, Iruñean euskaraz egiteko soilik bi haur eskola zeuden, horrek suposatzen zuen kaltearekin.

Gaur udalean egingo den bilkuraren harira, «salatu nahi dugu prozesu hau eragileekin kontaktatu gabe egin dela. Herritarren aurka egiteko helburua du. Iragarki eta Udalaren iruditegitik ezabatzeko duen asmoa oso kaltegarri ikusten dugu», adierazi du Otamendik. Horren aurrean euskarak «agerian» egoteko beharra duela aldarrikatu du. «Hizkuntza eskubide guztiak errespetatu behar dituzte instituzioek. Hori bermatu behar du ordenantzak».

Aitziber Garmediaren hitzetan, «Udalak euskara erabiltzen du gatazka eragiteko». Azken adibide gisa ezarri du Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Baluarten eman behar zuen ikuskizuna bertan behera uztea. «Kontratua gaizki egina omen dago. Hori da oraingo honetan euskaldunon kontra egiteko baliatu duten aitzakia. Zorionez, astelehenea kolorez margotu zituzten Alde Zaharreko kaleak. Irudimen, gozotasun eta kemen guztia beharko dugu, euskaraz bizitzeko. Sentitu, pentsatu, ekin».