NAIZ

Euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatuko dute NUPen

«Euskaraz bizi nahi dut» lelopean Euskararen Astearen edizio berri bati ekingo diote asteazkenean eta ostegunean Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP). «Garai latzak bizi ditu euskarark Nafarroan eta horren isla garbia da Nafarroako Unibertsitate Publikoan euskarak duen egoera», gogoratu dute antolatzaileek.

Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) harturiko irudia.
Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) harturiko irudia.

«Denbora pasa ahala NUPen euskarak duen egoerak ez du hobera egiten eta antza denez ez du hobera eginen», nabarmendu dute Euskara Astearen antolatzaileek, NUPeko Euskara Taldeak. Asteazken eta ostegunean ospatuko da Euskara Astea.

«2019 amaitzen ari den honetan, 2017. urtean NUPen ezarritako Euskara Planak amaiera izanen du eta tamalez, unibertsitateak ez du bertzerik egiteko asmorik. Orain dela bi ikasturte salatu genuen bezala, euskara plan hau ez zuen euskararen egoera ez normalizatuko ez hobetuko. Izan ere, helburu zehatzik ez zuen plan bat zen eta euskara hirugarren mailako hizkuntza bihurtzen zuen, gaztelaniaren eta ingelesaren atzetik», azaldu dute.

«Azkeneko bi ikasturteetan ere, NUPek ikasketa eskaintza igo du gradu berriak eskainiz. Ikasturte honetan hiru gradu berri eskaini dira unibertsitatean eta horietan euskarak duen presentzia hutsaren hurrena da. Gainera jakin badakigu, historia eta ondareko karreran ikasle euskaldunen kopurua nabarmena dela, baita irakasle euskaldunena ere, beraz onartezina ikusten dugu NUPek euskarazko krediturik ez eskaintzea karrera berrietan», erantsi dute.

Egoera honen aurrean NUPeko Euskara Taldeak «euskararekiko duen jarrera aldatzea» exijitu diote Errektoradutzari. «Euskaraz ikasi nahi dugu. Izen honekin dinamika bat martxan jarriko dugu datorren seilekotik aurrera, egoera larria dela uste baitugu. Aurreko urtean ‘Euskaraz ikasi nahi dut’ dinamika martxan jarri genuen eta hainbat ekintzen artean sinadura bilketa bat burutu genuen zeinetan 1.500 sinadura jaso genituen euskaraz ikastearen alde. Aurten dinamika horri jarraipena eman nahi diogu, hainbat ekintza eta ekimen martxan jarriz,  aldarrikapen zehatz batekin: euskaraz ikasteko eskubidea. Informe bat osatzen ari gara NUPen euskarak duen errealitatea plazaratzeko gizarteak jakin dezan egoera zein den», aldarrikatu dute.

Egitaraua

Euskara Astearen egitarauari dagokionean, asteazkenean kontzentrazio batekin hasiko da 11.45ean «Euskaraz bizi nahi dugulako» lelopean. 12.30ean, berriz, ikuskizuna izanen da Kafetegian Alaitz Batxiler Eszenikoaren eskutik. 17.00etan kontzertu akustikoa izanen dute Kafetegian bertan.

Ostegunean 12.00etan Bizipoztu elkartearen aurkezpena izanen da Leire Elizegi eta Joxe Mari Agirretxe «Porrotx»-en eskutik. 15.00etan mus txapelketa egingo. Parte hartu nahi dutenek Kafetegian eman behar dute izena. 19.30ean trikipoteoa hasiko da eta 21.30ean bertsoafaria izanen da Gora Iruñea peñan.