Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren eragileetako ordezkariek agerraldia egin dute Donostian, urtarrilaren 30eko greba orokorreko aldarrikapen taula aurkezteko. Astearte honetan finkatu zuten mobilizazioaren data zehatza.
Aldarrikapen taulak 30 neurritik gora jasotzen ditu eta hauek zuzenduta daude prekarizazioari mugak jartzeko, azken urteetako murrizketak atzera botatzeko, prekarietatea ezabatzeko, lan baldintzak duintzeko eta eskubide sozialak defendatzeko.
LAB eta ELAko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta Mitxel Lakuntzak egin dute irakurketa. «Bestelako eredu sozio-produktibo baten aldeko neurriak» direla nabarmendu du Aranburuk.
Lan harremanetarako eta babes sozialerako esparru propioa, eskubide sozialen bermea eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioaren aldarriak daude tartean. 2011 eta 2013ko erreformetan onetsitako pentsio-murrizketak indargabetzea, Zapateroren eta Raxoiren lan erreformak bertan behera uztea eta eskubide sozialen bermea dira aldarrikatzen dituzten bestelako neurriak.
Euskal gehiengo sindikala eta ehun eragiletik gora
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deitu du greba orokorra. Ehun eragile sozialetik gora daude bertan (pentsiodunak, feministak, ekologistak, gazte mugimendua, bazterketa sozialaren aurkako plataformak, ekonomia alternatibo eta solidarioaren sarea), tartean euskal gehiengo sindikala –UGT eta CCOOk ez dute bat egin deialdiarekin–.
Duela hilabete iragarri zuten eragile hauek zuten urtarrileko greba orokorra (orduan ere ELA eta LABeko idazkari orokorrek eman zuten prentsaurrekoa), pentsiodunen mugimendua «mobilizazio orokor» batez mintzatu eta biharamunean
Garbiñe Aranburuk beste behin azpimarratu du «ofentsibara joko» dutela eta langileen erabakitzeko eskubideen defentsan kalera irtengo direla berretsi du.