NAIZ

Urbilek inklusio soziolaboralaren aldeko Pauso Berriak programarekin bat egin du

Atzegi eta Gureak elkarteek sustatutako Pauso Berriak programaren baitan prestatzen ari den talde baten bisita izan du Urbil merkataritza-guneak. Desgaitasun intelektuala duten pertsonen gizarteratzea eta laneratzea du xede programak.

Pauso Berriak programaren baitan prestatzen ari den taldearen bisita Urbilen.
Pauso Berriak programaren baitan prestatzen ari den taldearen bisita Urbilen.

Urbil merkataritza-guneak Pauso Berriak programako bost ikasleren eta prestatzaile baten bisita izan du asteazken honetan. Atzegi eta
Gureak-ek 2010ean sortu zuten Pauso Berriak eta ordutik elkarrekin kudeatzen dute.

Programaren bidez, orain dela ia 10 urtetatik Oscar Guinaldo bere jarduera okupazionala Urbilen egiten ari da. Gaur egun berezia izan da berarentzat, garbiketa eta mantenuko ohiko lanak utzi eta Pauso Berriak-eko formakuntza-taldeari harrera egiteko ardura hartu baitu.

Merkataritza-guneko galeriako bere eguneroko martxa azaldu die Guinaldok, eta lankideak aurkeztu dizkie, errealitatea ezagutu dezaten, erronka horri aurre egin beharko baitiote formakuntza fasea amaitzean, praktikak egingo dituzten enpresetan.

«Formakuntza programak pertsona bakoitzaren gaitasun eta lan-konpetentziak landu eta entrenatzen laguntzen du, baita oinarrizko gaitasun soziolaboralak ere, enpresa ezberdinetan
praktikak hasi aurretik», azaldu die bisitan Susana Pastorrek, Pauso Berriak-eko laguntzaile teknikoak, merkataritza-guneko arduradunei.

Hala, Urbilek, «bere erantzukizun sozial korporatiboaren baitan dagoen #UrbilKonpromisoa proiektuan, gizarteratzearekin duen konpromisoa indartu du», non kirola, gizarteratzea, kultura, euskara eta ingurumena jorratzen dituen.