naiz
DONOSTIA

EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztu die EAJ eta PSEren Gipuzkoako aurrekontuei

Iruzur fiskalari «behar bezala aurre eginez», Gipuzkoak 200 milioi euro gehiago bilduko lituzkela adierazi du EH Bilduk EAJ eta PSEren aurrekontuei osoko zuzenketa aurkezterakoan. «Askoz ere gehiago bildu eta ezberdintasunak murriztea» dute helburu.

Juan Karlos Izagirre, EH Bilduren batzarkidea. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Juan Karlos Izagirre, EH Bilduren batzarkidea. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztu die Gipuzkoako Aldundirako EAJk eta PSEk proposatutako aurrekontuei. «Askoz ere gehiago bildu daiteke eta ezberdintasunak murrizteko askoz ere hobeto banatu daiteke», adierazi du koalizioak ohar baten bidez.

Zerga-sistemaren inguruan, bi desadostasun nagusiak agertu ditu EH Bilduk. Alde batetik, «Gipuzkoako aberatsenek eta fortuna handiko jabeek neurriko ekarpena egiten ez dutela», adierazi dute eta «jasotako guztiaren hiru laurden» soldatapeko langileen eta kontsumitzaileen bizkar gelditzen dela. Zentzu horretan, ezarri berri den ezkutu fiskala bertan behera uztea eskatu du. Modu honetan, 32 miloi inguru gehiago jasoko direla iritzi du EH Bilduk. «Bestalde, sozietateen gaineko zerga bi puntu jaitsi dute azken urtetan. Bi puntu horiek errekuperatuz, Gipuzkoako 47 milioi gehiago bilduko lituzke 2020an». Guztira, 79 milioi gehiago.

Iruzur fiskalari dagokionez, «Aldundiak ezin duela ontzat eman oraindik ere urtero 700 miloi inguruko iruzurra izatea Gipuzkoan» salatu du. Azpiekonomia %17-20an kokatzen dela baieztatu du koalizioak. Honekin amaitzeko «baliabide gehiago» eskatu ditu. Iruzur fiskalari aurre egiteko 100 lanpostu berri proposatu ditu koalizioa, horretarako 4 milioiko partida bideratuz. Neurri horiekin, 200 milioi euro gehiago jasotzea aurreikusten du.

Bestalde, aurrekontuetan proposatzen den Diputatu eta Goi Karguen soldaten igoera kentzea proposatu du EH Bilduk. Soldaten %8,2aren igoera aurreikusten da, hau da, urtean 500.000 euro ingurutik gora gehiago.

Diru hori guztia «benetako beharretara» bideratzea eskatu du EH Bilduk. «Gizarte politikoetan asko hitz egiten da eraikin berriaz (Adin Berri) baina ez da aipatu ere egiten egoitzetan dagoen lan gatazka, momentu honetan gure aiton-amonek jasotzen duten zerbitzu eskasa, zaintza mundua duintzeko neurriak, etxez etxeko zerbitzua bermatzeko laguntzak eskasak dira». Zuzenketetan egoitzetako lan gatazka konpontzeko zazpi milioi gehiago , etxez etxeko zerbitzua indartzeko lau milioi gehiago eta senitartekoak etxean mantentzeko diru laguntzetan bost milioi gehiago txertatzea proposatu du.

Gobernantza departamentuari dagokionez, kontratu guztietan klausula sozialak betearazteko eta kontratazioetan 1.200 euro soldata minimoa bermatzeko diru-gehigarria eskatu du EH Bilduk, baita herrietan prozesu parte hartzaileak bultzatzeko 350.000 euro gehiago ere.

Berdintasun zuzendaritzara bideratutako partidek, berriz, «Foru Arauak agintzen duena ez duela betetzen» adierazi du EH Bilduk. Koalizioak 1,8 milioi gehiago proposatzen ditu «berdintasun politikak indartzeko» eta indarkeria matxistaren aurka egiteko 2,2 milioitik 8,8raino igotzea defendatu dute.

Bestetik, aldaketa klimatikoaren aurka egiteko, «benetako politika eraginkor eta jasangarriak egiteko diru-partidak» aurreikusi dituzte.