Asier AIESTARAN

Ia galduta zuten partidari buelta eman diote Irribarriak eta Rezustak Eibarren (22-21)

Gipuzkoarrak 11-18 eta 19-21 galtzen joan dira Ezkurdia eta Martijaren aurka, baina azken txanpan nagusitu egin dira eta lehen garaipena lortu dute aurtengo Binakako Txapelketan.

Iker Irribarria, pilota astintzen (FOKU)
Iker Irribarria, pilota astintzen (FOKU)

Iker Irribarriak eta Beñat Rezustak 22-21 menderatu dituzte Joseba Ezkurdia eta Julen Martija Eibarko Astelena pilotalekuan San Andres egunez jokatu den neurketan. 11-18 eta 19-21 galtzen joan diren arren, azken txanpan nagusitu egin dira eta ia galduta zuten norgehiagoka bati buelta emateko gai izan dira.

Aurreko igandean Bergaran jasotako porrrota oraindik gogoan, Irribarria eta Rezusta oso serio jokatzen hasi dira. Pilota bizia atera dute eta Martija oso atzean izan dute lehen tantoetan. Horrela, 3-0 aurreratu dira markagailuan.

Baina urdinek beraien pilota atera dutenean partida aldatu egin da. Mugitzeko zailagoa zenez, gorriek ez zuten lortzen Ezkurdiari pilota kentzea, eta arbizuarrak sekulako lana egin du airez, bai Martijari pilota zailak kentzen baita errematean tantoak egiten ere.

Alde horretatik, eta ostiralean Amezketan gertatu zen antzera, bi aurrelariak oso zehatz aritu dira errematean eta tanto eder mordoa utzi dituzte jarraitzaileen gozamenerako. Irribarriak 13 egin ditu jokoan eta beste bat sakez; Ezkurdiak ere 13 jokoan eta sakez 2 gehiago.

Baina parekotasuna Ezkurdiak apurtu du neurketaren erdialdera. Aurrelari nafarra dena asmatzen hasi da, tantoak bata bestearen atzetik egiten, eta urdinak zuzenean joan dira 11-10etik 11-18ra, 8 tanto segidan eginez.

Partida oso zaila jarri zaie gorriei, baina serio jarraitu dute lanean, eta beraien pilotarekin agintzen jarraitu dute. Ezkurdiak atzean lan bikaina egin du, 5 tanto ere egin ditu errebotera joz edo pilota ederki baztertuz, eta Irribarria ere oso fin aritu da errematean.

Markagailuan hurbiltzen joan dira apurka-apurka, eta azkenean 21-21ekora iritsi dira. Neurketa azken tantoak erabaki du eta hori Irribarriak egin du pilota txokoan goxo utzita.

«Garaipen garrantzitsua da guretzat, lehen jardunaldiko arantza ateratzeko eta konfidantza hartzeko. Erdialdean txakalaldi bat izan dugu, deseroso ibili gara beraien pilotarekin, baina amaieran Beñatek sekulako lana egin du eta nik ere asmatu egin dut errematean arriskatu dudanean», azaldu du pozik Iker Irribarriak amaieran.