NAIZ

Hizkuntz eskubideak bermatzeko zer egingo duen galdetu dio Pernando Barrenak Bruselari

Europako Kontseiluak euskara indartzeko beharra egiaztatu ondoren, bi galdera luzatu dizkio Europar Batzordeari Pernando Barrena EH Bilduko eurodiputatuak. Hizkuntz eskubideak betearazteko zer egingo duen argitzeko eskatu dio Bruselari.

Pernando Barrena, Europako Legebiltzarrean.
Pernando Barrena, Europako Legebiltzarrean.

Hizkuntz Gutxituen Euroitunaren adituek Estatu espainolari egindako bisitaren ondoren, euskara indartzeko beharra aipatu berri dute txostenean, Ertzaintza, Osakidetza eta Nafarroako eremu misto zein ez-euskalduna bereziki aipatuz. Honen harira, bi galdera aurkeztu ditu ostegun honetan Pernando Barrena EH Bilduko eurodiputatuak, Europar Batzordeari zuzenduak.

Lehenengo eta behin, txosten horri buruz zer iritzia duen eskatu dio Barrenak Bruselari. Eta horrekin batera «Estatu espainolak administrazio maila guztietan EBren Ituna bete dezan eta hiritargoaren eskubide guztiak babesa izan dezaten zein neurri abiatuko duen Batzordeak» jakin nahi du eurodiputatu nafarrak.

Galdera hauen arrazoia zera da, Pernando Barrenaren hitzetan: «Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Gutunak, bere 21. artikuluan, ‘bazterkeria mota guztiak debekatzen ditu, eta bereziki hizkuntz aldetikoak’. Eta Europar Legebiltzarrak ebazpena onartua du, desagertarazteko arriskuan diren Europako hizkuntzei buruz eta hizkuntz aniztasunaren alde», erantsi du Barrenak.

EH Bilduko ordezkariak gogorarazten duenez, auzibideetan euskararen erabilera berma dadin legea aldatzeko eskatzen dio adituen txostenak Estatuko aginteari; Osakidetzan zein Ertzaintzan erabilera handitzea, Lakuari; eta euskara ofiziala ez den eremuetan sustatzea, Nafar Gobernuari.