Jon Ormazabal

Irribarria-Rezustak are gehiago estutu dute sailkapena (22-16)

Azken txanpan hartu dute aurre Aspekoek, pilota batek botea hartu eta Artolak errematean hutsak pilatu dituenean.

Irribarria, pilota astintzeko prest Beotibarren. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Irribarria, pilota astintzeko prest Beotibarren. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Dagoeneko ez dago partidarik galdu ez duen bikoterik, Irribarria eta Rezustak euren bigarren puntua eskuratu dute eta orain arte jokatutako hiru partidak irabaziak zituzten Artola-Imazi 22-16 irabazi baitiete Tolosan jokatutako partida gogorrean.

2017ko txapeldunei oraindik koxka bat geratzen zaie orduko joko mailara heltzeko, baina gaur bide horretan aurrera pausu bat eman dutela esan genezake. Atzelariari aurrekoetan baino bizkorrago atera zaio pilota eskutik eta, kosta zaion arren, Irribarriak ere partida amaieran asmatu du tantoak amaitzen.

Hala ere, ondo sufritutako garaipena izan da Aspeko pilotariena, kosta egin zaie eta kolpean zuten nagusitasun horri etekina ateratzen. Partida hasiera oso lehiatu eta orekatua izan da, hein handi batean Artola-Imazek oso ondo eutsi baitiete. Baikokoek ideiak oso garbi dituzte, badakite ez dutela inor txikitzeko ahalik, baina lanerako prest irten dira kantxara. Defentsan bikain aritu dira, Irribarria-Rezusta ez dira Imazi pilota paretara baztertzeko gai izan eta oiartzuarra bikain defendatu da eskuinarekin. Artolak ere asko lagundu dio lan horretan, baztertzen ziren pilotak kenduz eta erasoan ere ondo ekin dio partidari.

Gauzak horrela, hiru tantotako aldearekin joan dira Baikokoak lehen atsedenaldira, baina lehia gogor batean, nekea ere nabaritzen joan da. Azkenerako, pilota batek ere dezenteko botea hartu du eta horrek lagundu egin die Irribarria-Rezustari euren jardunean. Imaz gehiago zigortu dute eta Artolak ere orduantxe batu hutsik gehien erasora pasa denean, lekuz kanpo aritu behar izan du eta txapekin ere ez du zorte handirik izan, azkenerako 9 huts batuz.