NAIZ

Fakturak kontrolatzeko sistema aplikatu beharko dute Bizkai eta Gipuzkoako enpresek 2021an

Enpresa guztien fakturak kontrolatuko dituen sofwarea garatu dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiek eta Lakuak. Momentuz, Bizkai eta Gipuzkoako ogasunek zehaztu dituzte hau aplikatzeko epeak. 2021ean Bizkaiko enpresa orok izan beharko du; Gipuzkoan, 2022. urte bukaeraraino, pixkanaka aplikatzen joango dira.

Ezkerrean, Bizkaiko Ogasuneko diputatu Jose Maria Iruarrizaga. (BIZKAIKO FORU ALDUNDIA)
Ezkerrean, Bizkaiko Ogasuneko diputatu Jose Maria Iruarrizaga. (BIZKAIKO FORU ALDUNDIA)

Enpresetako fakturazioan iruzurrak saihesteko helburuarekin garatu dute "Ticket Bai" softwarea Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundi zein Lakuak. Fakturetan manipulazioak edo hauek ezkutatzeko joerak ezabatu nahi dituzte honekin. Momentuz, Bizkai eta Gipuzkoako ogasunek aplikatuko dituzte.

Software hau aplikatzeko, fakturazioko instalakuntzak egokitu beharko dituzte enpresek eta horretarako laguntzak eskainiko dituzte. Bizkaitarren kasuan, %30eko zerga-pizgarria ezarriko zaie. Era berean, hurrengo urtean borondatez hasi daitezke sistema berri honekin lanean. 2021. urtean Bizkaiko enpresa guztiek, derrigor, izan beharko dute.

Gipuzkoarrak, aldiz, pixkanako hasiko dira 2021ean, 1.000 enpresa-jarduerekin; eta 2022. urte bukaeran guztiek ezartzea aurreikusten dute. Guztira, 54.000 zergadun daudela kalkulatzen dute.

Sistema hau Ogasunarekin zuzenean lotuta dago eta beraz, guztia kontrolpean izango du. Honez gain, software berri honek inprimatzen dituen fakturek QR kodea izango dute eta honekin, kontsumitzaileak jakin ahal izango du hau Ogasunean aitortua izan den edo ez.

Gipuzkoako Ogasunak ez ditu zigorrik zehaztu; bai, ordea, Bizkaikoak. 20.000 eurotik 80.000 euro bitarteko isunak ezarriko dituela ohartarazi du Jose Maria Iruarrizaga diputatuak.

Jarduera erregistroan aldaketak

Bizkaiko enpresetan, fakturazioan ez ezik, jardura erregistroaren liburuan ere aldaketak aplikatuko ditu Ogasunak. 2021. urtetik aurrera derrigorrezkoa izango dute hiru hilabetero 140 –pertsona fisikoena– edo 240 –pertsona juridikoena– modeloak Aldundiako egoitza elektronikoan entregatzea. Orain arte datu hauek urtean behin egiten zituzten eta ez zen derrigorrezkoa egoitza elektronikora eramatea.

Honekin, berrikuntza gisa, BEZ, PFEZ eta Sozietateen gaineko zerga aitorpeneko proposamenak eskainiko die Ogasunak. Orain arte, pertsona fisikoen gaineko zergarekin bakarrik egiten zituen proposamenak.