naiz
Agurain

Aguraingo Sapem lantegia 2020ko lehen hiruhilekoan itxiko dute

Iragan abenduaren 17an Arcelor-Mittal enpresak komiteari jakinarazi zion Sapem lantegia itxiko duela Agurainen 2020ko lehen hiruhilabetean, ELAk adierazi duenez. Sindikatuak salatu duenez, lantegiak «badu lan karga» eta erabaki honekin 15 langile langabezian geratuko dira. 

Bost urte dira Arcelor-Mittal enpresak komiteari jakinarazi ziola Sapem planta itxiko zuela Agurainen. Orduan 60 langile inguru zeuden eta greba luze eta negoziazioaren ostean, akordio batera iritsi eta enpresa ez ixtea lortu zuten. Akordio haren ondorioak Euskal Herriko beste lantegi batean birkokatzeak, Agurainen 19 lanpostu mantentzea eta irteera boluntarioak izan ziren.

ELAk ohar baten bitartez salatu duenez, «enpresak Aguraingo lantegia heriotz gozo batera bideratzeko erabakia» hartu zuen behin gatazka amaituta «inbertsio eta etorkizuneko planik gabe». Bost urteren ostean «historia errepikatu egiten dela» salatu du sindikatuak. 

Iragan abenduaren 17an pertsonal-buruak bildu zituen zuzendaritzak, «ordu gutxi lehenago jakinarazita eta inolako informaziorik eman gabe». Bilera hartan jakinarazi zitzaien 2020ko lehen hiruhilabetean lantegia behin-betiko itxiko zuela. 

Sindikatuak azpimarratu duenez, gaur egun lantegiak «badu lan karga» eta erabaki honekin 15 langile langabezian geratuko dira. «Ixteko erabakia hartuta zegoen, baina enpresak modu kontzientean jakinarazi du orain, kontuan hartuta zein datetan gauden».

Egoera honen aurrean «lanpostuak mantentzearen alde borrokan» jarraituko dutela berretsi du ELAk eta, behin-betiko lantegia itxiko balitz, «langileentzako irteera duin bat» lortzea du jomuga. Horretarako hainbat mobilizazio egingo direla ere iragarri du sindikatuak eta jendarteari, hauetan parte hartuz, babesa adierazteko eskatu dio.