Jon Ormazabal

Altuna-Galarzak aurkitu dute euren bidea (22-10)

Distira handiko partida izan ez den arren, Aspeko bikoteak Laso-Albisuk izan ez duten sendotasuna erakutsi du hirugarren puntua lortzeko.

Jokin Altunak partida eraginkorra osatu du. (Jon URBE/FOKU)
Jokin Altunak partida eraginkorra osatu du. (Jon URBE/FOKU)

Kosta egin zitzaien lehen garaipena eskuratzea, baina badirudi Jokin Altuna eta Ladis Galarzak aurkitu dutela euren bidea eta jarraian lortutako hirugarren puntua eskuratu dute gaur Astelenan Laso-Albisuri 22-10 irabazita.

Ohiturari jarraiki, goraino bete da Eguberri egunez Eibarko pilotalekua, baina partidak ez dio sortutako ikusmin eta giroari erantzun, gehienbat urdinek huts gehitxo pilatu dituztelako, 13 denera.

Lehen bi tantoetan partidak beste itxura bat izango zuela zirudien arren, Albisuk tanto on bat egin du lehenengoan eta Ladis Galarzak eramateko sake bati ez dio erantzun (0-2), gero oso bestelakoa suertatu da bosgarren jardunaldia amaitu duen lehia. Altuna gainetik pasa eta Galarzarengan jokoa behartzea zen Baikokoen asmoa, baina ez dute lortu, gehienbat atzelari nafarrak bikain erantzun duelako. Ez du agian ikaragarri jo, baina oso seguru aritu da eta Altunari berme osoa eman dio, partidan gustura sentitu zedin.

Amezketarrak ere ez du bere egunik onena izan erasoan, baina oso eraginkor aritu da jokoan sartzeko aukera izan duen une oro eta sendotasun horrek eman die hirugarren garaipena.

Urdinen artean, ordea, Albisu ez da eroso ibili kantxan nahiz eta tarteka pilotakada bikainak jo dituen, eta Unai Laso presaka antzean aritu da, arriskuak hartuz eta txaparekin ere zorte handirik gabe. Gauzak horrela, Aspeko bikoteak ez du arazorik izan hirugarren puntua eskuratzeko.