«De Miguel auzia» Euskal Herrian azken hamarkadetan gertatu den ustelkeria kasu larriena dela askotan aipatu da, eta honela frogatzen du Arabako Entzutegiak emandako zigorra, baina momentuz behintzat ez du Gasteizko Legebiltzarrean ustelkeriaren aurkako aurrepausorik ekarriko. Izan ere, EH Bilduk Diputazio Iraunkorra deitzeko egin duen eskaria blokeatu egin dute gaur ostiralean EAJk eta PSEk, Mahaiaren bileran.
Legebiltzarra urtarrilean zehar ez dela bilduko kontuan harturik, gaia Diputazio Iraunkorraren bitartez garatzea eskatua zuen EH Bilduk, hainbat neurri zehatz proposatuz. Bere ustez, «gizarteari mezu argia eta azkarra helarazi behar diogu: ustelkeriaren aurrean tolerantzia zero». Baina Mahaiak gaia ez dela premiazkoa erabaki du, EAJ zein PSEren jarrera honetan bat eginik.
Maddalen Iriarte eledunak salatu duenez, «gure herrian ustelkeriaren kontra inoiz izan den sententziarik gogorrena atera berri da, baina EAJk uste du ez dela premiazkoa Legebiltzarrak gai honi buruz eztabaidatzea. EH Bilduren ustez, ‘De Miguel auzi’ko epaia hain da larria, ezen derrigorezkoa eta premiazkoa baita Legebiltzarrak lehenbailehen ustelkeriaren kontrako mezu sendo eta argia bidaltzea gizarteari, baina EAJk ez du inolako presarik; ustelkeriari aurre egiteko neurri zehatzak onartu nahi ditugu, baina EAJri ez zaio interesatzen».
«Non dago EAJren gardentasunaren aldeko hautua? Euskal jendarteak ekintzak, egitateak, eskatzen ditugu. Ez da aski EAJk barkamena eskatzea. Lehenbailehen hartu behar dira neurriak», nabarmendu du Iriartek.