Ane URKIRI
Donostia

Roderok eta Lasak, ETAk eta GALek eragindako biktimek, irakurriko dute U11ko azken mezua

Sare eta Bakegileak plataformako kideek emandako prentsaurrekoan aurreratu dute euskal presoen eskubideen alde egingo den urtarrilaren 11ko manifestazioko azken mezua Rosa Rodero, ETAko biktimak eta Axun Lasa, GALeko biktimak irakurriko dutela. Elkarbizitzari egin nahi dioten ekarpenaren parte izango da amaierako ekitaldia.

Mixel Berhokoirigoin eta Anaiz Funosas bakegileak eta Joseba Azkarraga eta Bego Atxa Sareko kideak. (Andoni CANELLADA / FOKU)
Mixel Berhokoirigoin eta Anaiz Funosas bakegileak eta Joseba Azkarraga eta Bego Atxa Sareko kideak. (Andoni CANELLADA / FOKU)

Urtarrilaren 11n euskal presoen eskubideen alde eta hauen sakabanaketaren aurkako manifestazio bana jasoko dute Bilbok eta Baionak. Ostiral honetan Sare eta Bakegileak plataformako kideek eginiko prentsa agerraldian mobilizazio horietako datuak aurreratu dituzte.

Horietariko bat izan da Bilboko manifestazioaren bukaeran azken mezua irakurriko duten pertsonak jakinaraztea. Rosa Rodero, ETAko biktima, eta Axun Lasa, GALeko biktima, izango dira mezua irakurtzearen arduradunak. Honekin, elkarbizitzari ekarpen handia egitea da asmoa. «Elkarbizitza zentrora ekartzen dugu», adierazi du Anaiz Funosas bakegileak, biktima eta presoen ekarpenak eta hauen parte-hartzea ezinbestekoak direla azpimarratuz.

Rodero eta Lasa «gorrotoa eta mendekuak kalte baino ez duela egiten argi duten» emakumeak direla nabarmendu dute. «Argi dutenak ere ez dutela nahi inork euren izenean hitz egitea, edota euren mina modu alderdiko batean erabiltzea», atxiki dute. Rodero Joseba Goikoetxearen alarguna da eta Lasa, Joxean Lasaren arreba.

Era berean, elkarbizitza bilatze bidean, adierazi dute, «konbentziturik», batzuen eskubideak ez diela besteei kalte egiten: «Presoen gaiak ez die kalte egiten biktimei».

Madril eta Parisko gobernuei zuzenduta

Anaiz Funosas eta Mixel Berhokoirigoin bakegileek eta Joseba Azkarraga eta Bego Atxa Sareko kideek hartu dute hitza Donostiako Teila fabrikan eginiko agerraldi publikoan. Bertan manifestatu dute «orain» dela unea. Bilboko manifestazioaren bitartez, egun batzuk barru osatuko den Madrileko Gobernuari argitara aterako diote «estaltzen saiatzen diren errealitatea»; eta Baionan kalera aterako dira Gobernu frantsesari «gure haserrea, deliberamendua eta gure anbizioa modu berean adieraziz».

Madril eta Parisko gobernuek espetxe politikaren inguruan esandako hitzak ekarri dituzte gogora, oraindik ere hitz hutsalak direla ohartaraziz eta hitzak ekintzekin batera joan behar direla adieraziz.

Pedro Sanchezek –Estatu espainoleko jarduneko presidenteak– «duela urte eta erdi espetxe politika aldatzeko asmoa iragarri zuen, ETAren desegitearen ostean zentzurik ez zuela eta. Hitz ederrak, ekintzak ordea ez horrenbeste», gogorarazi du Berhokoirigoinek.

Estatu frantseseko presidente Emmanuel Macroni dagokionez, honek G7aren prestakuntza bileran Biarritzen esandakoa ekarri dute gogora: «Euskal Herria eredugarria da niretzat gatazkaren konponbideak eta armetatik ateratzeko bidean (...) Estatuaren eginbeharra da mugimendua sustengatzea. Ez dugu historia errepikatu behar, lagundu behar da».

Hitz horiek errealitate bihurtu arte etsiko ez dutela adierazi dute eta «Baionan izango gara hau adierazteko: "Hitza hitz! Ez dezagun historia errepika!"».

Belaunaldi berriak, lehen lerroan

«Aurrera egin» nahi dutelako, belaunaldi berriei etorkizun hobe bat uztea helburu, belaunaldi berri hauek izango dira Baiona eta Bilboko manifestazioetako protagonista. Lehen lerroan kokatuko dira. Baionako mobilizazioan traktore batzuek irekiko dute bidea eta hauen atzetik gazteek jasoko dute "Ez dezagun historia errepika araz" pankarta. Bilbon ere gazteek eramango dute "Orain presoak" lema duen lona handia.

Baionako manifestazioa 15.00etan abiatuko da eta honek, amaitzear dagoela, testigua pasako dio Bilbokoari, zeina 17.00etan abiatuko den. Aurten «behar bezala» lotu nahi dituzte bi martxak: «Baionan manifestazioan presente izango diren makilen sinbologia baliatuz, testigua pasako diegu Bilbon batuta diren kideei».

«Eman diezaiogun guztion artean amaiera prozesu honi, gertatutakoa berriro errepika ez dadin», errepikatu dute. Hala, euskal presoen senideei adierazi nahi izan die Bilbo eta Baionan batuko diren milaka lagunen babesa dutela, oraindik indarrean den urrunketa krudelaren aurrean.