Larunbatean, 15.00etan hasita, aulki mugikorreko Euskal Herriko txapelketak jokatuko dira Orioko Oria ibaian. Arraunketa olinpikoa da aulki mugikorra, eta kategoria eta maila desberdinetako ontziak aterako dira.
Zehazki, distantzia luzeko edo iraupen proba esaten zaion modalitateko txapelketak izango dira. Kadete mailako ontziek 4.000 metroko ibilbidea bete beharko dute Saikola eta Orioko zubiaren artean. Jubenil eta absolutuek, aldiz, 6.000 metroko ibilbideari egingo diete aurre, Mapiletik irtenda.
Irteera hartuko duten ontzi motak hauexek izango dira: arraunlari bateko, biko, lauko eta zortziko lemazaindunak, eta lemazainik gabeko bikoak eta laukoak. Ordezkari bilera 13.30etan egingo dute Orioko Arraun Elkartean.
Oriotarrek jakinarazi dutenez, bertako traineru jaitsiera ospetsua ere prestatzen ari dira jada. Otsailaren 22an izango da, 16.00etan hasita, eta laister emango dituzte xehetasun guztiak.