ASIER AIESTARAN

Artolak eta Imazek seigarren puntua lortu dute Hendaian

Gipuzkoarrek 16-22 menderatu dituzte Victor eta Mariezkurrena II.a, eta gutxienez kanporaketa jokatzeko txartela eskuratu dutela esan daiteke. Ordezko moduan sartu den Victorrek partida ona jokatu du, baina ez da nahikoa izan irabazteko.

Ander Imaz bikain aritu da Hendaian (FOKU)
Ander Imaz bikain aritu da Hendaian (FOKU)

Iñaki Artola eta Ander Imaz 16-22 nagusitu dira ostiral gauean Hendaian Victor Esteban eta Jon Mariezkurrenaren aurka jokatu duten Binakako Txapelketako partidan.

Gipuzkoarrek seigarren puntua lortu dute eta, beraz, gutxienez kanporaketa jokatzeko txartela ia poltsikoan dutela esan daiteke. Galtzaileek, aldiz, puntu bakarrarekin jarraituko dute.

Gogoratu behar da Victor errioxarrak Oinatz Bengoetxearen lekua hartu duela, Baiko enpresak "kirol arrazoiak" argudiatuta hala erabaki ostean. Ezcaraykoak partida ona jokatu du, zenbaki bikainak sinatu ditu -12 egindako eta galdutako 3-, baina ez da irabazteko nahikoa izan.

Hein handi batean, aldea atzean egon da: Ander Imazek lan bikaina egin du gaur ere -pilotarik galdu ez eta bosttanto eginez-, eta Mariezkurrenak sei pilota galdu ditu azkenerako, baita eramateko sake bat itzuli gabe utzi ere.

Urdinak ia beti aurretik

Astean zehar hitz egin den guztiari erantzuteko asmoz edo, Victorrek sekulako dema hasiera egin du, eta bere tanto bikainei esker gorriak 4-1 aurreratu dira markagailuan.

Baina urdinek apurka-apurka neurria hartu diote partidari eta pilotalekuari, eta azkar eman diote buelta emaitzari. Ander Imaz ikusgarri egon da lehen txanpa horretan, hiru tanto eder egin -bi atzean eta baita beste bat dejadaz ere aurrean- eta sei tantoko partzial bati esker 5-9 aurreratzeko.

Ez ziren gaizki ari gorriak, baina lan asko egin behar izan dute berriz ere markagailua parekatzeko. Tantoz tanto, izerdia majo botata eta Victorren erremate zehatzei esker, neurketa 11-11 berdintzea lortu dute.

Victorrek egindako huts bakanetako batek, ordea, 11-12 aurretik bidali ditu urdinak lehen atsedenaldi luzera, eta etenaren osteko tantoak ere urdinen aldera joan dira, kasu honetan Mariezkurrenak egindako huts batzuen ondorioz.

Tanto bakarrera jartzea ere lortu duten arren (13-14 eta 15-16), une erabakigarri guztietan Artola eta Imazek gehiago asmatu dute eta azkenean 16-22 nagusitu dira. Azken tantoa Artolaren erremate eder bat izan da, eta disdira handirik erakutsi ez duen arren, aipatzekoa da alegiarrak gaur ere lan oso txukuna egin duela, partidak une bakoitzean eskatzen zuena bikain irakurriz.