Jon Ormazabal

Txapelketari eustea lortu dute Olaizola eta Urrutikoetxeak (22-21)

Altunaren hasiera bikain bati esker 6-0 aurreratu dira Aspekoak, baina beteranoen defentsa eta ofizioa nagusitu da amaiera estu batean.

Aimar Olaizolak bere ofizioa gailendu du azken txanpan. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Aimar Olaizolak bere ofizioa gailendu du azken txanpan. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Hamaikagarren jardunaldia bikaina izan da Aimar Olaizola eta Mikel Urrutikoetxearentzat, tanto bakarraz erabaki diren bi partidei esker, sailkapenean Irribarria-Rezusta harrapatu baitituzte. Atzo Artola-Imazek Aspeko Tolosak Labriten garaitu ostean, gaur Tolosan eurek jokatutako neurketan Altuna III.a-Ladis Galarza garaitu dituzte tentsioz betetako beste neurketa batean.

Eta hori gauzak ikaragarri zail jarri zaizkiela partidaren hasieran. Izan ere, Jokin Altunak sekulako hasiera izan du, pilota oso bizi irten zaio bi eskuetatik eta, errematean bikain asmatuz, 6-0 aurreratu dira Aspekoak.


Amezketarraren erakustaldia eta pilota zein abiaduran irteten zitzaion ikusita, partida erabakita zirudien, baina gorriak gai izan dira hasierako oldarraldi horri eutsi eta partidan sartzeko.
 Piloteoaren nagusitasuna urdinena izan da gehienean, baina Baikoko bikoteak sekulako defentsa erakutsi du, batez ere bere mailan nabarmen gora egin duen Urrutikoetxeak. Bi eskuekin asko gozatu du eta aurrera pauso bat emanda lekurik gabe utzi dute amezketarra.

Lehia hamaikana berdindu ostean, partida erabat trabatu da, izan dira zenbait erabaki polemiko, epaileak eman ez duen buelta nabarmen bat, garaiz kanpo gurutzatutakoren bat eta hor erosoago sentitu dira beteranoak.

Berdinketak bata bestearen atzetik heldu dira eta hala iritsi dira 20-20kora. Altunak egindako bi tantoren ostean, garaipenak eurena zirudien, baina huts bat ere pilatu du eta motz aterata egin du Aimar Olaizolak garaipenaren tantoa.