naiz

Osakidetzak emakumeen genitalen mutilazioen 129 kasu erregistratu ditu azken bi urteetan

Osakidetza Euskal Osasun Zerbitzuak emakumeen genitalen mutilazioen 129 kasu hauteman eta erregistratu ditu 2018-2019 biurtekoan. 67 kasu 2018an eta 62 hurrengo urtean. Kasu guztietan mutilazioak migrazioaren aurretik eginak izan dira, eta 21 kasu 14 urtetik beherako neskei dagozkie.

129 mutilazio kasu hauteman eta erregistratu dira azken bi urteetan EAEn. (Unicef)
129 mutilazio kasu hauteman eta erregistratu dira azken bi urteetan EAEn. (Unicef)

Osakidetzak 129 mutilazio kasu hauteman eta erregistratu ditu azken bi urteetan. 67 kasu 2018an eta 62 iaz. Halaber, ez da jakinarazi edo erregistratu opor garaian edo bisitan jatorrizko herrialdera joatean egindako mutilazio kasurik. Emakundek, Lakuako Osasun Sailak eta Osakidetzak atera duten ondorioa da EAEn emakumeen genitalen mutilazioaren prebentziorako lan esparruan hartutako prebentzio neurriak «eraginkorrak» direla.

Osakidetzak eta Emakundek nabarmendu duetnez, EAEn «nahiko mugatua» da eta «nahiko lokalizatuta» dago arriskuan egon daitekeen eta emakumeen genitalen mutilazioa egiten duten herrialde eta etnietatik datorren biztanleria, eta egoera horrek «alarmismorik gabe esku hartzea ahalbidetzen du».

Gainera, jatorrizko herrialdeetara oporretan irten aurretik, arriskuan dauden nesken familiei osasun zentroetan sinatzeko ematen zaien 'Prebentziozko Konpromisoa' dokumentuaren balorazio positiboa egin dute. Agiri horrek nolabait bermatzen du neska eta emakume gazteak mutilatu gabe itzuliko direla EAEra oporretatik bueltatzen.

Lakuako Osasun eta Hezkuntza sailen eta Emakunderen arteko elkarlanean emandako lehen urratsa emakumeen genitalen mutilazioen EAEko egoeraren diagnostikoa egitea izan zen, eta, ondoren, Osakidetzaren eta Emakunderen elkarlanaren ondorioz, 'Emakumeen Genitalen Mutilazioa. Euskadiko osasun sisteman gomendatutako jardunen gidaliburua' eta 'Esku hartzeko oinarrizko printzipioak' liburuxka argitaratu ziren. Hezkuntza Sailak ere gaiari buruzko beste gida bat aurkeztu zuen.

Argitalpen horietan, emakumeen genitalen mutilazioa egiten duten herrialdeetatik datozen emakume eta neskatoak artatzen dituzten profesionalei gomendio batzuk egiten zaizkie. Horrekin batera, aipatzen da edozein esku hartzetan ekidin behar dela herri, komunitate eta familien estigmatizazioa.

‘Los mundos de Niara’ aurkeztu dute

Nafarroako Munduko Medikuak elkarteak genitalen mutilazioaren inguruko ipuin bat argitaratu du, ‘Los mundos de Niara’. Gaur aurkeztu dute liburua Iruñean. Fatima Djarra Sanik, elkarteko kideak, adierazi duenez, iaz antzeman zuten gaia txikienenekin ikuspuntu interkultural batetik lantzeko beharra, afrikar jatorriko talde nerabe batekin lanean hasiz.

‘Los Mundos de Niara’ Maria Jose Perez Morachok idatzi du, Fatima Djarra Sani eta Farmata Watten laguntzaz. Niara haur espainair Estatuan jaio baina familia afrikarra duen neska gazte bat da. Bere ahotik kontatzen da zer den genitalen mutilazioa, lagun batekin arituko balitz bezala. Eskoletan eta liburutegietan gaia lantzeko xedez argitaratu dute lana.