NAIZ

Txorroteko urik ez edateko eskatu die Zaldibarko Udalak Eitzaga auzoko biztanleei

Txorroteko urik ez edateko eskatu die Zaldibarko Udalak Eitzaga auzoko biztanleei, Anboto.org agerkariaren arabera. Osasun teknikariek egindako gomendioa dela, putzu batzuetan topatu dituzten datuak direla. Udalak 12.30ak aldera jaso du abisua. Goizean, Lakuak zabaldutako oharraren arabera, dena kontrolpean zegoen.

Zaldibarko zabortegian egoera gaur goizean. (Raul BOGAJO/FOKU)
Zaldibarko zabortegian egoera gaur goizean. (Raul BOGAJO/FOKU)

Txorroteko urik ez edateko eskatu die Zaldibarko Udalak Eitzaga auzko biztanleei, Anboto.org agerkariak zabaldu duenez. Gomendio hau luzatu die osasun teknikariek «zenbait ur hartze pribatutan detektatu dituzten datu batzuk direla eta».

«Zenbait ur-hartze pribatutan agertu diren datu batzugatik» egin dute gomendioa. Udalak adierazi du 12.30etan jaso duela aholku horren berri.

Gomendioa, Lakuako Gobernuaren azken txostenaren ostean etorri da. Gaur goizean, uraren egoerari buruzko azken txostenaren berri eman du Jaurlaritzak. Horren arabera, «Zaldibarko, Ermuko eta Eibarko bizilagunek segurtasun osoz kontsumitu» zezaketeen iturriko ura.

Osasun teknikariek azaldu dute txorroteko ura ez erabiltzeko gomendioa «neurri prebentiboa» dela eta parametroak neurri «egokietan» daudela.

Lakuako Gobernuak goizean zabaldu duen oharrean, egoeraren «jarraipen zorrotza» egiten ari direla eta «etengabe» zaintzen ari direla airearen kalitatea nabarmendu dute.

«Zaldibarri Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko saretik hornitzen zaio ura, eta ez da inolako gorabeherarik hauteman. Eibarri eta Ermuari, berriz, Aixolako urtegitik hornitzen zaie ura, eta zabortegitik gertuago dago baina beste isurialde batean», zioen goizean Lakuak zabaldutako oharrean.

Era berean, egin diren kontroletan eta hornikuntza sareko sarrerako deposituan hartutako laginean «ez dela inolako gorabeherarik hauteman» azpimarratu dute.

Airearen kalitatea

Airearen kalitateari dagokionez, «etengabe» ari dira laginketak egiten, eta emaitzek erakusten duten konposatu organikoen profila azken urteotan hiri inguruneetan lortutakoaren «oso antzekoa» dela adierazi du Lakuak. «Hala eta guztiz ere, teknikariek aitortzen dute konposatu horien nahasketak eragindako usain txarra gogaikarria izan daitekeela», erantsi du Osasun Sailak.

Bestetik, amiantoari dagokionez ere, analisiek negatibo eman dutela nabarmendu dute eta ez dela substantzia horren zuntzik antzeman. Datozen egunotan ere laginketekin jarraituko dela iragarri dute eta egunean bi lagin hartuko dira.