NAIZ
BUENOS AIRES

Abortua legeztatzeko proiektua iragarri du Alberto Fernandez Argentinako presidenteak

Alberto Fernandez Argentinako presidenteak abortua legeztatzeko lege-proiektua aurkeztuko duela adierazi du Kongresuaren urteko irekiera ekitaldian. Horrekin batera, baliabide gutxi dituzten eta haurrak izatea erabakitzen duten emakumeei laguntzeko egitasmoa ere iragarri du.

Abortuaren aldeko ekintzaile argentinarrak, beren kanpainaren ikur bihurtu den zapi berdeekin. (Emiliano LASALVIA/AFP)
Abortuaren aldeko ekintzaile argentinarrak, beren kanpainaren ikur bihurtu den zapi berdeekin. (Emiliano LASALVIA/AFP)

Alberto Fernandez Argentinako presidenteak bere Gobernuaren jardunaren ardatz nagusiak marraztu ditu Kongresuaren urteko irekiera ekitaldian: erreforma judiziala, abortua eta krisi ekonomikoa.

Azaldu duenez, bere lehentasuna abortua legeztatzea izango da, eta helburu horrekin datozen hamar egunetan lege-proiektua aurkeztuko du Parlamentuan.

«Zaintzen duen Estatu batek emakumeak lagundu behar ditu. Justiziaren aldetik zigor mehatxuak ez dira eraginkorrak eta gainera emakume asko abortuak eragitera behartu dituzte», nabarmendu du. Egun abortuaren inguruan indarrean dagoen legedia «ez da eraginkorra», bere esanetan.

Nolanahi ere, Fernandezek ez du eperik zehaztu eta abortua «haurdunaldiaren hasieran» legeztatuko duela eta emakumeek, abortatzea erabakitzen badute, osasun sistema publikora jo ahal izango dutela besterik ez du esan.

Presidente argentinarrak beste neurri bat ere iragarri du, diru-baliabide gutxi dituzten eta haurrak izan nahi dituzten emakumeei zuzendutako laguntza plana, haurdunaldiaren hasieratik umeek hiru urte betetzen dituzten arte. «Mila egunen legea» deitu dio.

Abortua legeztatzeko proiektua Mauricio Macri presidente eskuindarraren garaian ere eztabaidatu zen Argentinan, 2018an, baina orduko hartan Kongresuak argi berdea eman zion arren Senatuak atzera bota zuen. Mobilizazio handiak izan ziren kalean, abortuaren alde zein aurka.

Abortua legez zigortuta dago Argentinan 1921etik eta honako kasuetan bakarrik dago baimenduta: emakumearen bizia edo osasuna arriskuan dagoenean, bortxaketa baten ondorio denean edo buruko gaixotasuna duen emakume baten aurkako erasoa denean. Kasu horietan ere, zaila izaten da abortatzea sistemak ezartzen dituen oztopoengatik eta mediku askoren kontzientzia-objekzioagatik.

Alberto Fernandezek abenduan hartu zuen lehendakari kargua, urriko hauteskundeetan botoen %48,24 eskuratu ostean.