NAIZ

Metamorfosi ekologikoaren aldeko martxa Mauletik abiatu eta Baionan bururatuko da

Gaur abiatu da Mauletik metamorfosi ekologikoaren itunaren sostenguz Bizi! mugimenduak antolaturiko martxa. Heldu den larunbatean Baionan bururatuko den martxa horren bidez herriko bozetara aurkeztuko diren hautagaien engaiamendua bildu nahi du mugimendu ekologistak. Hain zuzen gaur abiatu da hauteskunde kanpaina martxoaren 15ean iraganen den udal hauteskundeen lehen itzuliari begira.

Martxistak Mauletik abiatu dira gaur goizean, euripean. (@bizimugi)
Martxistak Mauletik abiatu dira gaur goizean, euripean. (@bizimugi)

Gaur goizean abiatu da Mauletik metamorfosi ekologikoa aldarrikatzen duen itunaren sostengua zabaltzeko xedez Bizi! mugimenduak antolaturiko martxa. Sei egunez luzatuko den ekimen horren karietara hainbat ekimen antolatu dituzte, hala nola laborantza jasangarriari buruz edo hondakinen tratamenduari buruz.

Martxa heldu den larunbatean amaituko da Baionan eta ekimen horren bidez Bizi!k klimaren aldeko egitasmoa eztabaida politikoaren erdigunean nahi du kokatu.

Hain zuzen ere, gaur astelehenean abiatuko da heldu den martxoaren 15ean eta 22an Zuberoan, Lapurdin eta Nafarroa Beherean iraganen diren herriko bozetarako hauteskunde kanpaina.

Klima zaindu, publizitatea murriztu

«Lurraldeko 158 herrietan hauteskundeetara aurkezten diren zerrenda guziak gomitatuak dira neurri hauek beren programetan sartzeko», azaldu du Bizi!k agiri baten bidez. Hain zuzen, martxoaren 5ean, ostegunez, itunaren sinatzeko ekimena antolatu dute Uztaritzen.

Bestalde, joan zen larunbatean ingurumenaren ikuspuntutik hauteskunde kanpainaren eragina murrizteko xede duen ekimena aurkeztu zuten, Angelun. Hainbat elkarte ekologisten sostenguz, kanpainan zehar publizitatearen erabilpena murrizteko helburu du aipaturiko ekimenak.

Martxoaren 15ean iraganen da herriko bozen lehen itzulia. Euskal Herriko udal guztiek hautagaitzak izaten dituztela boza horietan baieztatu du Pirinio Atlantikoetako prefeturak. Biarno, ordea, 6 udalerritan ez da hautagairik aurkeztu.