Haritz LARRAÑAGA
Urruña
Entrevue
LETIZIA NAVARRON ETA ENEKO ALDANA
HENDAIA ETA ZIBURUKO HAUTAGAITZEN ZERRENDABURUAK

«Gazteak gara, baina ez gara zerotik abiatzen, urteetako esperientzia dugu»

Martxoaren 15ean eta 22an Ipar Euskal Herrian izango diren hauteskundeetarako hautagai gisa aurkeztu dira Letizia Navarron eta Eneko Aldana. Hendaia Biltzen plataformako zerrendaburua da Navarron, 33 urteko irakaslea. Aldana, ostera, 30 urteko politologoa da, Ziburu Bizi herri zerrendako hautagaia. Hauteskunde kanpainarekin oso lanpetuak diren arren, GARAren galderei erantzuteko tartea hartu dute.

Hego Lapurdi eskualdean diren kostako bi herri, Hendaia eta Ziburu. Ipar Euskal Herrian gertatzen ari diren aldaketen bi adibide argi. Abertzaleekin bat egin duen eremu anitzetako jendearekin osatutako zerrenda zabalak eta hautagai gazteak.

Azken sei urteetan Kotte Ezenarro Hendaiako auzapez sozialistarekin batera gobernatzen izan den Hendaia Biltzen plataformako zerrendaburua da Letizia Navarron. Eneko Aldana, berriz, Guy Poulou auzapez eskuindarrak gidaturiko Ziburuko Herriko Etxean oposizioan izan da azken sei urteetan eta bigarren aldiz Ziburu Bizi plataformako buru gisa aurkeztuko da martxoaren 15ean eta 22an izango diren herri bozetan.

Abertzale mugimendutik harago dagoen jendea biltzea lortu duzue zuen zerrendetan. Nola osatu dituzue zerrendak?

Letizia Navarron: Hendaiako zerrendan badira bi komunista ohi eta norbanako jende anitza. Pertsona horiek zerrendan egotea erabaki badute babestuak sentitu direlako izan da. Horietako batzuk ez dira euskal hiztunak eta hori jende askorentzat oraindik harrigarria da.

Eneko Aldana: Ziburun 2014an aurkeztu ginenean emaitza onak lortu genituen, %21 lortu genuen, eta behin %20ko langa gainditzen denean beste perspektiba bat ematen du, zeren orduan has zaitezke pentsatzen garaipenean. Bi itzuliko sistema denez, %20 lortzeko gai den alderdiak badaki bigarren itzulian irabazteko aukera duela.

Ziklo baten amaiera iristear zela ikusten genuen, zeren Poulu auzapeza hirugarren agintaldian zen eta bere eserlekua uztear zegoen. Horrelako uneak onak izaten dira aldaketa gertatzeko, baina horretarako ezinbestekoa da ahalik eta jende gehien batzea proiektu baten inguruan. Gainera, 2015eko kantonaletan EH Baik irabazi zuen Ziburun bigarren itzulian, ezkerreko boz guztiak gugana etorri zirelako. Orduan programa ireki genuen eta abertzale ez diren eragile eta pertsonekin biltzen hasi ginen. Horrela lortu dugu sozialistekin elkartzea, berdeekin eta gizarte zibileko pertsonaiekin.

Hautagai gazteak izateak zerbaitetan lagundu du?

E.A: Nire ustez bai, batzuentzat aitzakia egokia izan daiteke pausoa emateko eta iraganarekin hausteko. Beste hautagai guztien adinak ikusita, bada bereizketa bat, gure zerrendetan gazte gehiago baitago.

L.N: Nire ustez, bada fenomeno bat Estatu frantsesean. «Ezkerrekoa» edo «eskuinekoa» bezalako etiketak erortzen ari dira. Euskal Herrian, ordea, gazteen engaiamendua oraindik mantentzen da abertzaleen artean. Azken urteetan ardura batzuk izan dituzue udaletxean Hendaian. Ziburun, ostera, oposizioan izan zarete. Nolako esperientzia izan da?

L.N: Hendaian enpleguaren ardura eta udaletxeko lan baldintzen ardura izan dugu. Baita euskara eta kultura bultzatzeko ardura ere. Gizarte arloan, emakumeen eskubideen borrokan egin dugun lanari esker, esaterako, erreferentzia lortu dugu.

E.A: Ziburun oposizio lan serioa egin dugu, eta gure lana onartu dute beste alderdiek zein herritarrek. Horri esker egin ahal izan dugu halako zerrenda. Sei urteko lanari esker lortu dugu gaur egun gehiengoaren alternatiba bakarra gu izatea.

Bada bereziki landuko duzuen eremurik?

E.A: Erakutsi dugu oposizioan lan ona egiteko gai garela, eta orain nahi dugu frogatu kudeaketan ere lan ona egin dezakegula. Baina ez dago gai bakar bat. Guk programa integral bat aurkezten dugu. Adibidez, arloen artean etxebizitzarena dago, jendearengan ardura handia sortzen duena, baina gu ez gara gai bakar bat lantzeko aurkezten, guk kudeaketa proposamen integral bat dugu.

L.N: Guk ere frogatu dugu gure ardurak ongi betetzen dakigula. Orain arte jarraitu dugun bidean jarraitu nahi dugu, eremu horietan indar egin eta hobetu ahal diren gauzak hobetzen.

Euskal Elkargoko hauteskundeak ere badira. Hendaia eta Ziburu Hego Lapurdiko eskualdean diren heinean, baduzue egitasmo partekaturik?

L.N: Eskualde berean gara, baina eskualdeak ez du pisu handiegirik. Guk duguna da Euskal Elkargoan eragiteko ahalmena.

E.A: Pisu handiko konpetentzia asko Euskal Elkargoan kudeatzen dira, adibidez, uren tratamendua, garraioa, euskara politika, etab. Zentzu horretan mugimendu bakarra gara Ipar Euskal Herri osoan nolabaiteko saretzea duena, eta ondorioz, Euskal Elkargoan posizio koherente bat duena. Beste indar guztietan ez dago beraien hautetsien arteko koordinaziorik.

Zer moduz doa kanpaina?

L.N: Oso ongi. Neska izateak jende batengana gerturatzen laguntzen duela uste dut, atez atekoa egiterakoan ikusi dut, baina zoritxarrez bestelakoak ere entzun behar izan ditut, «emakume batekin karrikak garbiak izango dira» eta antzekoak. Baina oro har, oso ongi.

E.A:. Guk ere atez atekoa egin dugu eta egin ditugun bi bilkura publikoetan gelak beteak ziren. Denetariko jendea hurbildu da. Giro ona sentitzen da.