NAIZ
GASTEIZ

Laminaciones Arregui enpresako beharginek kaleratutako lankideak berriz onartzea eskatu dute

Laminaciones Arregui enpresako langileak Gasteizko Justizia Jauregiaren aurrean kontzentratu dira otsailean kaleratutako zortzi lankideen berronarpena eskatzeko. Egotzi zituzten beharginek demanda judizialak eta kontziliazio agiriak aurkeztuko dituzte.

Laminaciones Arreguiko langileek enplegua aldarrikatu dute Gasteizko epaitegien aurrean. (Endika PORTILLO/FOKU)
Laminaciones Arreguiko langileek enplegua aldarrikatu dute Gasteizko epaitegien aurrean. (Endika PORTILLO/FOKU)

Celsa Atlantic-Laminaciones Arregui enpresako langileek kontzentrazioa egin dute Gasteizko Justizia Jauregiaren aurrean, kaleratutako lankideak berronartzea exijitu eta Arabako lantegietan etorkizunerako bermeak aldarrikatzeko.

Otsailaren 8an, Laminaciones Arreguik zortzi langile kaleratu zituen. Sindikatuen arabera, «hauxe zen kaleratze kolektiboagatik prozedura aurkezteko muga». Kaleratutako langileak ELA eta LAB sindikatuetako afiliatuak dira, eta horietako batzuk bajan zeuden kaleratu zituztenean. Gainera, «beste birritan kaleratuak izan ziren, 2012ko greba mugagabean modu aktiboan parte hartzeagatik». Datozen egunotan kaleratutako langileek demanda judizialak eta kontziliazio agiriakaurkeztuko dituzte euren berronartzea exijituz.

Sindikatuen ustez, «inposizioen bidea hartu du berriro enpresak, jazarpenarena, euren murrizketa eta kaleratzeen aurrean amorerik eman ez zuten Gasteiz eta Urbinako langile batzuen zigorrarena».

«Honen aurrean, langileak errebelatu egin dira eta tinko erantzun dute. Izan ere, esparru guztietan aldarrikatuko dugu kaleratuek berriro lanera bueltatu behar dutela, enpleguari eutsi behar zaiola eta etorkizunerako bermeak behar dituztela Arabako lantegiek», diote igorritako oharrean.