Ane URKIRI
Eibar

Zaldibarko ezbeharra argitzea oihukatuz eta Arriolaren dimisioa eskatuz egin dute protesta Eibarren

Eibar, Ermua, Mallabia, Elgeta eta Zaldibarko herritarrak hiru orduko lanuztea egitera deituta zeuden ostegun eguerdiz. Herri bakoitzean mobilizazioak egin dira Verter Recycling zabortegian jazotako ezbeharra argitzeko eta erantzukizunak hartzeko exijituz. Arratsaldean egitekoa zen manifestazio nagusia bertan behera geratu da.

Eibarren eginiko manifestazioa, Zaldibarko zabortegian gertatutako argitzeko eskatuz. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Eibarren eginiko manifestazioa, Zaldibarko zabortegian gertatutako argitzeko eskatuz. (Andoni CANELLADA/FOKU)

«Azken mobilizazio jendetsua izango da gaurkoa», zioten Eibarko Untzaga plazara hurbil diren herritar, kazetari eta eragile sozialetako ordezkariek. Zaldibarreko ezbeharra argitzea eskatzeko iragarritako mobilizazioetan ere presente egon da koronabirusa, ezinbestean, eta azkenean, «arduraz jokatuz», arratsaldeko manifestazio nagusia bertan behera utzi dute. Atzeratu egingo dutela jakinarazi du plataformak, baina oraindik ez dago data berririk.

Zaldibar Argitu plataformak 12.00etatik 15.00ak bitarteko lanuztea deitu zuen ostegun eguerdirako Eibar, Mallabia, Ermua, Zaldibar eta Elgetan. 12.30ean manifestazio bana egin dira aipatu udalerrietan eta erantzun zabala izan dute. Eibarren, esaterako, 500 bat lagun bildu dira protestan –tartean sindikatu eta eragile sozialetako ordezkariak– eta Zaldibarko herrigunean taberna eta saltokietako pertsianak guztiz jaitsita egon dira. Guztira, bost udalerrietan, 2.000 pertsona inguru mobilizatu dira.

Eibarren lanuzteen jarraipena oso apala izan da, apenas zegoen komertziorik itxita. Nabarmentzekoa Barakaldo kaleko Eroski saltokiaren atea: pertsiana jaitsita, langileak manifestazioaren esperoan eta herritar batzuk atean zain, noiz irekiko.

Dena dela ere, «Zaldibar argitu» oihuak ozen entzun dira Eibarren. Lakuako Ingurumen sailburu Iñaki Arriolaren dimisioa ere eskatu dute bertara hurbildutakoek. Ezbehar honen harira sortu den plataforma herritarreko ordezkari Jokin Bergarak aurreratu du hamaika puntu zehazten dituen aldarrikapen zerrenda helaraziko dietela instituzio publikoei, bakoitzak bere ardurari erantzuteko asmoz.

Hilabete desagertuta

Jada hilabate pasatxo da, otsailaren 6an zehazki, Zaldibarko Verter Recycling zabortegia kolapsatu eta luizia eragin zuenetik. Bertan geratu ziren harrapatuta Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran beharginak. Hilabete pasatu den honetan, desagertuta jarraitzen dute eta hortaz, lanean jarraitzeko eskakizuna egin dute. «Beraiek topatzen jarri behar dira indar eta baliabide gutiak», adierazi du Naroa Kareagak, Zaldibar Argitu plataformako kideak, manifestazio bukaerako irakurketan.

«Higiene demokratiko hutsagatik, dimititu beharko zenukete», adierazi dute, «isiltasun konplizeak« onartezinak direla gehituz.

«Ezin da 50.000 pertsonaren osasuna arriskuan jarri eta ezer gertatu izan ez balitz bezala jokatu». Kasu honetan, denboraren igarotzeak Lakuako Gobernuaren mesedetan jokatzen duela uste du Joseba Sarasua eibartarrak.

Zaborraren kudeaketa aldatzeko eta «benetako» ekonomia zirkularra aldarrikatzeko batu da manifestaziora Xabier Rodriguez. Eskakizun hau, hain zuzen ere, plataformako ordezkariek jasotako hamaika aldarrikapenetariko bat da.

«Mahai gainean jarri behar dugu hondakinen kudeaketa ezin dela helburu lukratiboak dituzten enpresa pribatuen esku utzi; kudeaketa publiko eta zorrotza behar du izan», irakurri dute azken adierazpenean.

Hamaika aldarrikapen

Horrez gain, zabortegian gertatu denaren eta egun egiten ari diren lanen informazio gardena exijitu dute; hala nola orain bertan lanean ari diren ehundaka langileen segurtasuna bermatzea ere. Zaborrarekin zer egiten ari diren eta zer zabor mota dauden jakinaraztea exijitu dute.

«Zaldibarreko gertaerekin zuzenean lotuta dauden enpresaren, erakundeen eta eragileen erantzukizun zehatzak zein diren argitzea eta hori publikoa egitea», eskatzen dute.

Osasun publikoari dagokionez, herritarren bizi kalitateari dagozkion gaietan herritarren partaidatza bermatzea nahi dute, «beharrezko lege aldaketak eginez eta herritarrei uneoro informazio gardena eskainiz».