NAIZ

Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiak zergak atzeratu dituzte, baita Donostiak eta udalerri batzuek ere

Arabako ahaldun nagusiak jakinarazi du «presazko neurri fiskalak» hartuko dituela pertsona eta enpresen ekonomiari laguntzeko. Besteak beste, Ogasunari egin beharreko ordainketak atzeratuko dira. Bide beretik, Bizkaiak zerga guztiak atzeratu ditu ekainera arte eta Gipuzkoak 300.000 eurora zabaldu du enpresa txiki eta ertainen eta autonomoen zorraren ordainketa.

Langile bat Martuteneko 27 poligonoan. (Jon URBE/FOKU)
Langile bat Martuteneko 27 poligonoan. (Jon URBE/FOKU)

Bizkaiko Aldundiko Gobernu Kontseiluak astelehenetik (martxoak 16) ekainaren 1era bitartean sortutako deklarazio, zor eta zergen ordainketa atzeratzea erabaki du. Epe hori larrialdi egoeraren arabera luza daiteke.

Neurri horrekin ekonomiari laguntzea dute xede, bereziki autonomoenari (enpresa txiki eta ertainak), eta konfinamenduaren eragin ekonomiko negatiboari aurre hartzea.

Arabako Aldundiak ere «presazko neurri fiskalak» hartu ditu helburu berarekin. Ogasunari egin beharreko ordainketak «atzeratu eta erraztuko» dituzte eta herritarrek eta enpresek kobratu beharreko dirua, aldiz, aurreratu egingo dute.

Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak azaldu duenez, Bizkaian bezala, neurri hauek Batzar Nagusietara igorriko dituzte segituan, berehala onar daitezen. «Lehenengo neurriak dira, baina gehiago etorriko dira», agertu du.

«Foru Ogasunaren itzulpen eta ordainketak arintzea bilatzen dugu; Ogasunari egin beharreko ordainketak atzeratzea eta denboran banatzea; eta autonomoen ordainketak bertan behera uztea ere bai, kolektiborik kaltetuenetako bat baitira», erantsi du.

Gipuzkoako Aldundiak, bestalde, 300.000 eurora zabaldu du orain arte 150.000 euroan zegoen muga enpresa txiki eta ertainek eta autonomoek Ogasunarekin duten zorra geroago ordaindu ahal izan dezaten. Eider Mendoza bozeramaileak eman du berria, kazetarien galderei erantzunez, astearte eguerdian emandako prentsaurrekoan. Helburua enpresek orain dirua izatea da.

«300.000 eurora arte ez dute baimenik eskatu behar, eta 24 hilabetetan zehar ordainduko litzateke». Gaineratu duenez, 12.000 eurotik aurrera %20a emango litzateke. Lakuarekin elkarlanean Aldundiak «beste mota bateko neurriak» hartzea ere espero duela adierazi du.

Donostian eta udalerrietan

Donostiako Udalak ere norabide bereko erabakia hartu du, eta irailaren 15era arte luzatuko du udal zergen ordainketa. Eneko Goia alkateak streaming bidez jakinarazi duenez, «denok betetzera behartuta gauden neurriak hartuz» egindako ezohiko udalbatzarrean adostu dute zergen atzerapena.

Udalerrietan ere hartu dituzte halako neurriak, besteak beste Zornotzan. Bertako Udalak zerga, tasa eta bestelako diru-sarrerak bertan behera utzi ditu alarma egoera pasatu arte. Horregatik, ordainketak egin behar zituzten bizilagunak lasai egon daitezke alde horretatik koronabirusak eragindako egoera larria igaro bitartean.