Donostiako Egia auzoan dagoen Tejeria kaleko Correoseko langile batzuek ez dute banaketarik egingo enpresak koronabirusaren krisiaren aurrean prebentzio neurriak beteko direla bermatu arte. Correosek atzo protokolo bat ezarri zuen arren, «banaketa unitate gehienetan protokoloaren hainbat puntu ez dira betetzen ari, langileen babeserako eta segurtasunerako giltzarriak direnak», azaldu dute LAB, ELA eta ESK sindikatuek ohar batean.
Sindikatuek aipatu dute langileek ezin dutela eskuak ura eta xaboiarekin edo desinfektantearekin garbitzeko neurria bete «ez baitzaio bakoitzari gel desinfektanterik eman». Gainera, unitateen arteko ibilbideak eta loturak egiten dituztenek «ez dute instrukzio argirik nola jokatu jakiteko eta, beraz, protokoloa ez dira betetzen ari».
Egoera honen aurrean, unitateko langileen parte batek erabaki du banaketarik ez egitea «arduragatik eta norberaren eta herritarren osasunagatik». Oharrean, sindikatuek salatu dute zuzendaitzaren erantzuna, «lasaitsuna mantentzeko mezua eman beharrean», plantilla presionatzea izan dela eta Poliziari deitzearekin mehatxatu duela langileak lantokitik ez badira irteten.