Araba, Bizkai eta Gipuzkoako anbulantzien azpikontratetako langileak, Ambuiberica zein Ambulancias Gipuzkoa, «egoera prekarioan» ari dira koronabirusaren krisiari aurre egiten, ELAk ohar batean jakinarazi duenez. «Gure burua babesteko, eta pazienteak babesteko, beharrezkoak diren materialak falta zaizkigu, eta hori arriskutsua da herritarrentzat; izan ere, jakin gabe kutsatuta egon gaitezke, sintomarik gabe, eta gu izan gaitezke kutsatzeko bektorea gure laguntza behar duten pertsonak artatzera goazenean».
Horrez gain, osasun sektorearen barruan, administrazioak berak «bigarren mailako langile gisa» tratatzen dituela ikusten dute, eurentzat Lakuak ez baititu aplikatzen ospitale eta osasun zentroetako langileentzat aplikatzen dituen segurtasun-protokoloak.
Horren adibidetzat jarri dute Hernanin duela aste batzuk gertatutakoa: «Anbulatorioa itxita egon zen paziente bati egindako analisiaren emaitzak izan ziren arte. Hala ere, paziente hori artatu eta lekualdatu zuen anbulantzia martxan jarri zuten, nahiz eta emaitza horiek ez izan. Anbulantzia horretan lanean egon ziren langileak ere etxera bidali zituzten ezer gertatuko ez balitz bezala».
Zortzi lankide berrogeialdian eta positibo bat
Egoera larriagotu denetik, zortzi lankide dituzte berrogeialdian, eta horietako batek positibo eman du analisietan; infektatua dago, isolatua. Gainera, aldi baterako ezgaitasun-egoeran dauden beste hiru lankide daude eta, ELAren iritziz, ez zaie proba egokirik egin.
Kasu horiek guztiak pazienteei arreta ematen izan dira; ustez koronabirusa ez duten pertsonei arreta ematen.
«Maskara kirurgikorik gabe ari gara lanean, eta, anbulantziaren batek baldin baditu, langileek lanaldiko 12 orduetan maskara bera erabili behar dute, gainontzeko maskarak zaindu egin behar direlako, artatzen ditugun pazienteei jartzeko». Agertu dutenez, anbulantzia bakoitzeko bi babes-ekipo baino ez dituzte, osatu gabeak eta neurri bakarrekoak, infektatuta egon daitezkeen pazienteen deiak erantzuteko. Berez, abisu horiek ez lituzkete artatu behar, baina EAE osorako «lau anbulantzia baino ez daude abisu horiei erantzuteko, eta ez dira heltzen».
Enpresak ez die beharrezko materiala berritzen `stockaren´ hausturaren aitzakiarekin, nahiz eta duela aste batzuk prebentzio-delegatuek askotan ohartarazi duten norbera babesteko ekipamendurik ez dagoela, eta enpresen aurreikuspenik eza salatu dute.
Hortaz, ELAk Lakuako Osasun Sailari eskatu dio ekin diezaiola dagozkion neurriei, behartu dezala enpresa langileei behar adina babes-ekipamendu ematera, edo, bestela, Osasun Sailak berak eman ditzala azpikontratatutako anbulantzietarako ekipoak.