Sare idatziz zuzendu zaie Espetxe Erakundeei, koronabirusaren krisiaren baitan, gaixo dauden presoak eta adinekoak direnak askatu ditzan aldarrikatzeko. Joseba Azkarraga bozeramaileak, etxean grabatutako bideo batean azaldu duenez, «jarrera aldaketa bat» eskatu diote, kolektibo horri legedia nola aplikatzen zaion kontuan hartuta.
«Adineko jendearengan edo arrisku taldeengan koronabirusak dakartzan arriskuen inguruan asko ari gara entzuten, baina ezer gutxi hitz egiten ari da haien askatasuna mugatuta duten horietaz eta haien egoera oso zaurgarria den horien inguruan», adierazi du Azkarragak.
Presoen kolektiboaren baitan adineko pertsonak eta sendatu ezin diren gaixotasunak dituztenak daudela ekarri du gogora Sareren bozeramaileak. «Espetxean ezin dira behar bezala artatuak izan», nabarmendu du.
Era berean, gogora ekarri du haietako gehiengoak zigorraren hiru laurdenak beteak dituela. «Adinekoak dira, gaixotasun larri edo sendatu ezin direnekin. Haien askatasuna eskatzen dugu», adierazi du Azkarragak. Eta horretarako espetxe legedia ekarri du gogora. «196 artikuloak hori baimendu egiten du. Borondatea bakarrik behar da», gehitu du.
Honela, «jarrera aldaketa, gizatasuna eta haien legedia betetzea» eskatu diete Espetxe Erakundeei. Eta bide horretan lanean jarraitzeko borondatea berretsi du. «Pertsonen bizitza da jokoan dagoena. Koronabirusarekin amaitzeko egin behar den bezala, hau ere guztion artean egin behar dugu».