Xabier Izaga

Ziega etxea denean

Presoa zelda bazterrean,bakarrik mintzatzen bezala. Armiarma bati galdetu dio: 'Noiz arte?'.Armiarma, berehala, zintzilikatu eta haria luzatuz jaisten da. Eta badirudi hari luze hori dela armiarmaren erantzuna. Joseba Sarrionandia

Egun aproposak hausnarketarako. Koronabirusa eta kartzela.
Egun aproposak hausnarketarako. Koronabirusa eta kartzela.

Mezu bat ikusi dut sare sozialetan: «Egun aproposak dira hausnarketa baterako: zer izan daitekeen hogei urte baino gehiagoan eguneko 22 ordu zortzi metro koadroko zelda batean eta bi ordu zortzi bider hamarreko patio batean ematea». Euskal Herrian, zoritxarrez, kartzela ez da eraikin, zigor, bizimodu… arrotza. Milaka euskal herritarrek ezagutu dute bertatik bertara. Baina inork ez daki zer den, nola egoten den kartzelan. Presoek ere ez zekiten bertara sartu aurretik. Batzuek era batera imajinatzen zuten, beste batzuek beste batera; batek uste zuen gogorrena alderdi bat zela eta gero jakin du beste alderdi bat gogorragoa dela; honelakoren ustez, etengabeko jazarpena; halakoren ustez, berriz, isolamendua.

Sartu bezain laster zein hilabete batzuk geroago, zigortuta zein zigortu gabe, kartzela bera zigor gutxi balitz bezala, presoak lau horma artean ikusiko du bere burua. Egun bat, bi, hiru, hamalau… edo hainbat urte. «Horma hauek jan egingo naute» pentsatzeko modukoa.

Alarma egoerak etxetik behar-beharrezkoa denean baino ez irtetera behartzen gaituen honetan, jende askok gauza bera pentsatzen bide du egunotan, oraindik gutxienez bizpahiru astez horrela jarraitu behar duela jakinda. Horiek, seguruenik, askotan eman dituzte egun batzuk etxetik irten gabe edo ia irten gabe; esate baterako, gustuko zeregin bat zutelako esku artean, edo kalera ateratzeko gogo edo motibo gutxi. Orain, baina, behartuta daude. Isolatze hori ez da borondatezkoa. Ez da alde txikia gero. Noiz arte? Zer gertatuko da? Ziurgabetasuna da nagusi.

Horixe bera sentitzen du presoak ere kartzelako atea eta, zer esanik ez, zeldakoa bere atzean ixten denean. Noiz arte? Noiz ikusiko ditut etxekoak, lagunak? Eta egunak igaro ahala belardi zabal batean korrika egiteko gero eta gogo handiagoa edukiko du edo, besterik ez bada ere, belardia ikusteko gogoa. Premia bizia.

Euskal presoak, oro har, badu zeri heldu, ordea. Bera ez du koronabirus batek atxiki lau hormaren artean, bere garaian hartu zuen erabakiaren ondorioak baizik. Bere komunitatearen biziraupen duina gogoan, uste osoz heldu zion borroka helduleku garrantzitsua da. Baina kontua ez da, konbentzimendu hori gogoan, ohe ertzean eseri eta denbora igarotzen uztea. Denbora hori gero eta astunagoa da eta espazioa gero eta estuago sumarazten du.

Aldeak alde, jakina, egunotan lagun askok antzeko estualdia sentitu bide dute etxean. Eta egoera horretara eraman dituen biderik hautatu ez badute ere, pentsa dezakete beren mugimenduak etxeko esparru txikira mugatzea beren komunitatearentzat mesedegarria dela. Hala da eta.

Presoa, ziegara sartu berritan, lehenengo bere egoeraren kontzientzia hartu eta lasaitzen saiatzen da. Batzuek besteek baino errazago lortuko dute, izaerak zerikusi handia du horretan. Ez da arraroa antsietate krisia izatea, baina aurre egin beharra dago. Arnasa hartu, sakon, eta pentsatu. Ohe ertzetik altxatu eta bizimodua antolatu behar du. Antolatu.

Horixe bera egin dezakete egun hauetan etxeko hormek ahitzen dituzten lagunek ere. Nahi duten erara, ez dago eredu bakar bat edo, hobeto esateko, ez dago eredurik. Gustuko jardueren eta, jakina, horiek gauzatzeko aukeren araberako antolaketa. Batzuek irakurtzea dute gustuko eta egun hauek gehiago irakurtzeko baliatuko dituzte. Beste batzuek, ordea, ez dute irakurtzeko ohiturarik, baina orain daukate probatzeko aukera. Horietako zenbaitek beharbada egiaztatuko dute ez dutela gogoko jarduna, baina beste zenbaitek pentsatuko dute denbora asko galdu dutela liburuei muzin eginez. Jakina da euskal presoak irakurle finak direla, batzuk amorratuak, beste batzuk tamainan, eta beste batzuek gehienez egunkarien orrialdeak irakurtzen dituzte; jakina, irakurtzeak ez du giza mailarik ematen. Nolanahi ere, euskal presoen irakurzaletasun oro har handi hori neurri handian zeldako bakardadeak eragina edo areagotua da.

Baina egitasmo eskasa dirudi egun osoa irakurtzen emateak. Badira hamaika denbora-pasa, GARAkoez gainera, hala nola eskulanak, marrazketa edo margoketa, egurrezko tailu txikiak eta, zalantzarik gabe, etxean konpontzeko hainbat gauza. Ikasteko eta trebatzeko makina bat jardun.

Egoera honek, bestetik, ohiko bizimodu sedentarioaren ondorioak areagotu egingo ditu. Antsietateak gehiago jatera bultzatzen du edo, zenbait kasutan, ez jatera, eta gorputza baldartu egiten du. Ondo asko dakite gure presoek, horregatik oso garrantzitsua da gehienentzat kirol pixka bat egitea, ahal duten neurrian. Patioan ezin badute, zeldako lurrean manta bat jarri eta luzaketak eta beste ariketa mota batzuk egiten dituzte. Ohituta ez dagoenak mantso, apurka-apurka, batez ere indar ariketak, inoiz batere bortxatu gabe. Etxean egiteko modukoak. Batzuek, ziur, zaletuta, konfinamenduaren ondoren ere egiten jarraituko dute, egunotan hartutako beste ohitura batzuk bezala.

Kontua da isolamenduari aurre egitea, modu batean edo bestean. Osasunari eustea, hala fisikoari nola burukoari, eta entretenituta egiten bada, hainbat hobe. Urrun ezkutu haietan bezala, txarretik onena ateratzeko aukera da. Sekula egin ez dugun zerbait egiteko, pentsatzeko ere astirik ez dugunaz pentsatzeko, hausnartzeko aukera. Beharbada, orain luze joko duen eguna egun batzuk barru ziztu bizian joango da.