Ane URKIRI
Ondarroa

Alturako ontziek arrantzatutako arrainen prezioa erdira murriztu da Ondarroako portuan

Ondarroako portuan astelehen honetan eginiko salmentan alturako ontziek arrantzatutako arrainen prezioak beherakada handia jasan du. Espezie garrantzitsuen batez besteko prezioak begiratuta, erdira murriztu da hauen prezioa pasa den astelehenekoekin alderatuta. Momentuz, ez dute erabaki arrantza etetea.

Ondarroako portua, pasa den urteko apirilean. (Gorka RUBIO / FOKU)
Ondarroako portua, pasa den urteko apirilean. (Gorka RUBIO / FOKU)

Espero zuten prezioen beherakada, baina espero izanagatik ere murrizketa handia izan du alturako ontziek harrapatutako arrainen prezioak. Ondarroako datuei erreparatuta, legatza bi euroen azpitik saldu da astelehen honetan. Pasa den astelehenean, hilak 16, 3,35 euroko prezioa izan zuen.

Kontuan hartu behar da, gainera, 2020rako %20ko murrizketa ezarri zela legatza harrapatzeko baimenean; Estatu frantseseko iparraldeko kostan %19ko jaitsierarekin eta Sole Handian %20,6koarekin; Ondarroako alturako itsasontzien eremurik erabilienetan, hain zuzen ere.

Bestelako espezieei erreparatuta, lupiak 2,75 euroko murrizketa jasan du astebetean, kiloa zazpi euro pasatxo izatetik, lau euro eta erdian saltzeraino. Zapo beltzaren prezioak %36ko jaitsiera izan du eta zuriak, aldiz, ia %50ekoa. Itsas aingirak, bestalde, %63ko beherakada jasan du.

Astelehena mugimendu askoko eguna izan ohi da portuetan, arrain ugari egon ohi da, eta Ondarroako alturako Ekoizleen antolakundeko gerente Kiko Marinek espero du, egunak pasa ahala, mugimendua apaltzen doan heinean, prezioak zerbait errekuperatzea.

Armadore bakoitzaren esku jarduera etetea

Marinek helarazi dizkio datua hauek NAIZi eta azaldu dio batez besteko bat atera dutela, Lakuako arrantza zuzendari Leandro Azkueren eskakizunei erantzunez. Eguerdian bildu da Kiko Marin baxurako beste ordezkari batzukein eta baita Leandro Azkuerekin ere.

Baxurakoa eta alturakoa arrantza modalitate ezberdinak izatean, ezinezkoa da erabaki berbera hartzea. Baxurakoekin garaian garaiko arrainekin aritzen dira –orain berdela edo antxoa– eta alturakoak espezie gehiagorekin mugitzen dira, dagoen tokian dagoena. Modalitate honek gainera enpresa indibidualen joera gehiago dauka, baxurakoak elkarbanatzen duten kuotarekin aritzen diren bitartean. Horregatik, hain zuzen, baxurakoek aho batez erabaki dute antxoaren kanpaina etetea.

«Aktibitatea gelditzea armadore bakoitzaren eskuetan dago, Gobernuko agintari edo Europatik agindu berezi bat heldu bitartean», adierazi du Marinek. Enpresa independenteak dira eta industriako faktoria baten moduan funtzionatzen dute.

Gainera, nabarmendu nahi izan du oraingoz ez dutela koronabirusaren kutsadurarik izan alturako itsasontzietan. «Baxurako ontzi batzuetan gertatu da eta gelditzera derrigortuak izan dira; gurean ere horrelako zerbait pasatuz gero, neurriak hartu behar dira baina oraingoz ez dugu positiborik atzeman».

Europa mailako bilera

Asteazkenean Europa mailan dago bilera bat eta horri begira egongo direla nabarmendu du. Bertan landuko da, besteak beste, aktibitatea eteten bada laguntzarik egongo den edo ez; edo itsasontzi bakoitzak Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea aplikatu beharko duen, lehorreko beste enpresa askok egin legez. Hego Euskal Herrian jada 4.500 aplikatu dira eta 28.846 langileei eragin diete.

Galiziako arrantzaleak, esaterako, nahiko kezkatuta dabiltzala azaldu du Marinek. Sole Handia eremuko portuetan deskargatu dute arraina eta prezioek izugarrizko jaistiera izan dute. «Urduri» daudela helarazi diote lankide galiziarrek Marini. Pasa den astean, eremu horretan arrantza egiten dabiltzan itsasontzi ondarroarrek kamioien bitartez ekarri zituzten gurera arrainak eta aste honetan bide beretik jarraituko dute, momentuz.

Segurtasun kontrolak

Kontrolei dagokienez, ugaritu egin da Ertzaintzaren presentzia Ondarroako portuan. Segurtasunari dagozkion pautak ematen dizkie arrantzaleei eta askotan portuan arraina deskargatu eta berehala itsasontzira bueltatzen dira. Itsasontzia ez kutsatzeko leku «aproposa» bilakatu delakoan dago Marin. Batzuk itsasora ere atera direla aitortu du.

Segurtasun neurriak hartzen direla bermatu behar dute eta ohitura batzuk aldatu dituzte. Esaterako, biltegi bakoitzean arrantzaleek arrain guztia deskargatu arte ezin da inor sartu. Salmentetan ere enpresa bakoitzetik pertsona bakarra sartu daiteke enkantera eta «oposaketetako azterketa bat izango balitz bezala eseri behar dira»; hau da, aurreko eta alboko eserlekua hutsik edukita.

Modu honetan enkantea luzatu daiteke eta hori ere ez da asmoa, gela horretan sartuta ahalik eta denbora gutxien egon behar baitute. Nola edo ahala saiatzen dira eta, momentuz, ez da egon kexa edo arazo gehiegirik. «Gizarte guztiaren moduan, egoerara egokitu behar gara. Supermerkatuetan kopuru jakin bat sartu daiteke, hemen berdin», jarri du adibidetzat Marinek.