NAIZ

Mercabilbaon babes neurriak eskatu ditu ELAk, «kontrolik gabeko foku» bihurtzea ekiditeko

ELAk ohartarazi duenez, Mercabilbao «foku pontentziala» izan daiteke koronabirusa Iberiar penintsulako iparraldeko eremu osora zabaltzeko. Bertan birusa detektatu eta jarduera bertan behera uztea erabaki beharko balitz, «frutak, barazkiak eta arrainak hornitzeko arazo larri» bat egongo litzatekeela adierazi du sindikatuak.

Mercabilbaok osasun arloko segurtasun neurriak handitu ditu. (Mercabilbao)
Mercabilbaok osasun arloko segurtasun neurriak handitu ditu. (Mercabilbao)

ELA sindikatuak salatu du Mercabilbaon egoera «kritikoa» dela langileentzat eta «baita herritar guztientzat ere», koronabirusaren aurkako neurririk ez dagoelako. Estatuko iparraldeko handizkako banaketa-zentro handienetako bat izateaz gain, Mercabilbao Basaurin dago, Euskal Herriko kutsadura-gune nagusietako bat.

Alarma egoera deklaratu zenetik, ELA harremanetan jarri zen bertako agintaritzarekin prebentzio neurrien faltaz ohartarazteko. Sindikatuak azaldu duenez, «ez dago aforo-mugarik, ez eskudirutan ordaintzeko debekurik, ez langileak babesteko neurririk, ez salgaiak babesteko neurririk...».

Joan den martxoaren 15ean, agintariek edukiera mugatzera behartu zuten Mercabilbao. Ertzaintzak ibilgailuen sarrerak kontrolatzen ditu, baina ez du pabiloien barrualdea zaintzen. ELAk nabarmendu du hori dela orain arte hartutako neurri bakarra, eta herritarrei ezarritako gainerako gutxienekoak ez direla betetzen Mercabilbaoren barruan, hala nola pertsonen arteko metro eta erdiko distantzia edo eskularru eta maskarak erabiltzea.

Hornitzeko arazoa

ELAren ustez, Mercabilbao koronabirusaren foku bihurtuko balitz eta jarduera etengo balitz, frutak, barazkiak eta arrainak hornitzeko «arazo larria» egon liteke. Horregatik, sindikatuak Bilboko Udalari, Mercabilbaoren %60aren jabeari, bere jokabidea birplanteatzeko eta «alarma-egoera honetan dagokion erantzukizunarekin jardun dezala» eskatu dio.

Alarma egoera ezarri zenetik, elikagaien hornidura bermatu dute Mercabilbaok eta Mercairuñak.

Mercabilbaoren erantzuna

Ohar baten bidez, Mercabilbaok jakinarazi du «merkatuak une oro jarraitzen dituela Euskadiko osasun eta segurtasun agintarien aholkuak, eta horrela bideratzen dizkiela bere instalazioetan lan egiten duten pertsona guztiei». Gainera, enpresak gahitu du «produktuen hornikuntza ziurtatuta dagoela, eta ez dagoela hornidura barik geratzeko arriskurik».

Mercabilbaok, Lakuako Osasun Sailak, Basauriko Udaltzaingoak eta Fruta eta Ortuari Handizkarien eta Txikizkarien Elkarteek adostutako kontrolerako neurri berriak gehitu dituzte, hala nola metro bateko tartea postuen artean, sarbide espezifikoa Mercabilbaoko enpresetako langileentzat edo itxaroten dauden ibilgailuak Mercabilbaora sartzeko errepidean egon daitezkeen denbora tartea mugatzea.