Dabid Lazkanoiturburu

Yihadisten atentatu berria Kabulen, oraingoan sij-en gutxiengoaren aurka

Afganistanen eta Pakistanen arteko mugan gotorlekua duen Estatu Islamikoak (ISIS) bere ajenda propia du: herrialdeko gutxiengoei kolpatzea. Aurreko astean hazara-xiiak izan ziren, gaur sij-ak. Bihar?… Bide batez, eraso sektario hauekin AEBen eta talibanen arteko negoziaketak hankaz gora jartzen saiatzen ari da.

Soldaduak, sei ordu luze iraun duen sarraskiaren ondoren. (STR-AFP)
Soldaduak, sei ordu luze iraun duen sarraskiaren ondoren. (STR-AFP)

Gutxienez 26 persona erahil eta 15 zauritu ditu Afganistango hiriburuan gutxiengo sij-aren tenplu baten aurkako eraso suizidak. Erasoak ordu luze eta odoltsuetan eman da eta  Estatu Islamikoa (ISIS) talde yihadistak bere gain hartu du.

Kabuleko Barne Ministeritzak jakitera eman duenez, erasotzaileen artean hidako bakarra izan da. Erasoa goizaldeko 7,45etan hasi da, tenpluan 100dik gora pertsona zeudenean.

Sei ordu iraun duten enfrentamentuen ostean Afganistango Armadaren indar bereziek barnean zeuden 80 sij onik ateratzea lortu dute, Ministeritzaren bozeramalea den Tariq Arianek jakitera eman duenez.

Talde yihadistak bere gain hartu du erasoa berea duen Amaq agentziaren bitartez. Ez du momentuz datu gehiago eman.

Afganistango Armadak ere ez du azaldu zenbat izan diren erasoan parte hartu duten yihadistak.

Talibanek erasoarekin inolako zerikusirik ez dutela ziurtatu dute.

Presidentearen Jauregiko bozeramaleak, Sediq Sediqqik, gogor gaitzetsi du «zentzurik gabeko eraso krudel eta koldarra Kabuleko otoi leku baten aurka».

Jatorria Indian

Sij erlijioa jarraitzen dutenak gutxiengoa dira Afganistanen. Erlijio horren jatorria Indian dago eta hinduismoaren eta islamaren artean nolabaiteko nahasketa da, erlijio sinkretikoa hain zuzen ere.

Afganistanen eta Pakistanen arteko mugan gotorlekua duen ISISek eraso egiten die maiz gutxiengo erlijiosoei. 2018an bertan Kabuleko Parlamenturako hautagai bakarra erahil zuten yihadistek.

Asia erdialdeko herrialdeak 40 urte luze daramatza gerran, orduko Sobietar Batasunak 1979an inbaditu zuenetik. Ordutik gaur arte milaka sij eta hindu joan dira eta atzerrian aurkitu dute babesa, gehienak Indian bertan.

Egun 1.500 baino ez dira geratzen, garai baten 200.000 baldin baziren ere. Gehiegi, artean, yihadistentzat.

Gainera, eraso hau Ameriketako Estatu Batuen eta talibanen arteko bake akordioa kolokan dagoen unean ematen da.  Yihadistek badakite noren aurka eta noiz jo.