NAIZ

AEBetako armadaren bi ospitale-ontzi osasun sistemari arnasa emateko; bat New Yorkera iritsi da

Amerikako Estatu Batuak gogor kolpatzen ari da Covid-19 birusa. 131.000 pertsonatik gora kutsatu dira eta hildakoen kopurua ere neurri gabe ari da gora egiten. Osasun sistema gainezka egitear den honetan, bi ospitale-ontzi zabalduko dituzte, bakoitza 1.000 ohe baino gehiagorekin hornituta. Bat iritsi da New Yorkera; bestea Los Angelesen kokatuko da.

‘USNS Comfort’ ospitale-ontzia astelehenean heldu zen New Yorkeko portura. (Bryan R. SMITH/AFP)
‘USNS Comfort’ ospitale-ontzia astelehenean heldu zen New Yorkeko portura. (Bryan R. SMITH/AFP)

Neurri gabe ari dira igotzen koronabirusarekin kutsatutako pertsonen estatistikak Amerikako Estatu Batuetan. Donald Trump presidenteak eszeptizismo handiz eraman du kasua, ekonomia lehenetsi nahi izan du osasunaren gainetik eta osasun sistema gainezka egitear dago. Dena den, azken orduan diskurtsoa aldatu eta konfinamendua apirilaren 30era arte luzatuko dela adierazi du.

Egoerak behartuta, armadako bi ospitale-ontzi martxan jartzeko erabakia hartu dute AEBek, bat kostalde banatan kokatuta. Bat jada heldu da New Yorkera (‘USNS Comfort’ izenekoa), koronabirusak eragin handiena jasan duen estatua izanik. Guztira, itsas-armadako lan taldea eta medikuak kontuan izanik, 1.200 lagun inguruk egingo dute lan bertan. Bestea (‘USNS Mercy’) Los Angeleseko kostaldera eramango dute.

New Yorkeko estatuan herrialde osoko kutsatuen %41a dago (67.000) eta koronabirusarekin 1.342 pertsona hil dira, herrialdeko %42, hain zuzen ere. 9.500 pertsona inguru daude ospitaleetan, %21 zainketa berezietan (2.000 pertsona). 

Ontzi-erietxe bakoitzak 1.000 ohe baino gehiago ditu –horietatik 80 zainketa berezietarako–. Osasun sistemari «arnasa» emateko eginkizuna izango dute. Hedabide batzuen arabera, koronabirusagatik kutsatuta ez dauden gaixoentzako erabiliko dituzte 750 ohe.

Hegazkin-ontzi nuklearren tamaina antzerakoa du. 272 metroko luzerakoak dira 70.000 tonako desplazamendua dute. Honen dimentsioa konparatze aldera, Gurutzetako ospitaleak 800 ohe ditu eta Madrilgo IFEMAn inprobisatu duten erietxeak, 1.200. 

Konponbidea edo tirita?

Bi ospitale-ontzi hauek martxan jartzearekin, baina, zalantza dago ea egoera konpontzeko nahikoa izango den edo tirita bat baino ez den izango. AEBetan, 161.000 pertsonatik gora kutsatu dira eta, azken 24 orduetan, 19.332 gaixo identifikatu dituzte. Hildakoen zifrei dagokienez, hauek ere neurri gabe eta abiadura azkarrean ari dira igotzen. Guztira, 3.148 pertsona baino gehiago hil dira.

Besteak beste, Golkoko Gerran erabili zituzten bi ontzi hauek. Koronabirusarekin sortu den krisia osasun arlokoa izanik ere, honi aurre egiteko itsas-armadaren zerbitzuetara jotea erabaki du AEBetako Gobernuak. Momentuz, konponbiderako neurri nahikoa izatetik urrun egon daiteke.