`Orain inoiz baino gehiago #ChiosenGaude´ lelodun kanpainaren bidez, Itsas Laguntza Humanitarioa (SMH) eta Wir Packen's an elkarte alemaniarra dirua eta materiala biltzen ari dira Greziako Kios irlan koronabirusari aurre egiteko. Momentuz ez dago kutsaturik baieztaturik, baina 30 pertsona baino gehiago daude susmopean.
Kanpaina honi esker, dagoeneko 400 maskara berrerabilgarri, bertan gehiago egiteko materiala eta hidroalkohola egiteko glizerina bidali dituzte, besteak beste, Kioseko Vial errefuxiatuen eremura. Ondoko egunetan Alemaniatik 200 maskara heltzea espero dute.
Azaldu dutenez, asteotako crowdfunding-ean 30.000 euro baino gehiago bildu dituzte bi elkarteek, helburutzat hartua dutenaren (50.000 euro) %60.
10.000 euro gastatu dituzte materiala erosten (maskarak, batak, eskularruak, arnasgailuak eta botikak), epidemiaren lehenbiziko kolpeari eusteko.
Osasun langileen mugimendu orokorrak boluntarioen txandakatzea gelditu du. Horregatik, diruaren zati bat Greziako osasun langileak kontratatzeko erabiltzea aurreikusi dute bi SMHk eta Wir Packen's an elkarteak. Kanpalekuko eta tokiko ospitaleko osasun agintariekin partekatzen ari dira materiala.
Agertu dutenez, Covid-19arekin lotutako sintomak dituzten zenbait kasu kontrolatzen ari dira orain. Zoritxarrez, ez dago testik kanpalekuan. Martxoaren 31n, 30 kasuren eboluzioa kontrolatzen ari ziren. Kanpalekuan ez dute kasurik baieztatu, baina uhartean bai, bertako herritar batena.
Egoera ankerra
Itsas Laguntza Humanitarioak «anker» hitza erabili du Vial errefuxiatu eremuan bizi duten egoera deskribatzeko. 4.944 pertsona bizi dira 1.050entzako tokia dagoen espazio batean. Horietatik %52 gizonak dira, %24 emakumeak eta beste %24 umeak. Gehienak siriarrak (%27) eta afganiarrak (%22) dira.
Lesbos irlan ere latza da bizimodua, koronabirusa iritsi aurretik ere bai.
Horregatik, SMHk Egeoko irletan harrapatutako migranteak bertatik atera eta nazioarteko legediak jasotzen duen bezala artatzea eskatu du.
Honako kontuan egin daiteke proiektuari laguntzeko dohaintza: ES41 1550 0001 2600 0914 3728 (Fiare bankua).