Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak parte hartu du, bideokonferentzia bidez, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Covid-19 koronabirusak sortutako egoerari buruz hitz egiteko deitu duen erkidegoetako presidenteen bileran, eta «normaltasunera itzultzeko» plan baten beharra azpimarratu du bertan, konfinamendutik eta jarduerarik ezetik «modu mailakatuan» irten ahal izateko. Azaldu duenez, zirkulaziorako, garraiorako, enpresak, ikastetxeak eta aisia, kirol-esparruak edo kultura-jardueraren agertokiak berriro irekitzeko egoerak aurreratu behar dira.
Azpimarratu du, hala ere, orain «lehentasuna» birusari eustea eta berau «arintzea» da. «Pandemiaren ondorio gogorrenak jasaten ari diren familiei laguntzea da lehentasuna. Estaldura profesional sozio-sanitarioa indartzea da. Adineko pertsonak eta ahulenak artatzea da».
Urkulluk irakurketa positiboa egin du Covid-19 gaitzak azken egunetan izan duen bilakaeraren inguruan. Azaldu duenez, kutsaduraren kurbaren bilakaerak, altak ospitaleratzeak baino handiagoak diren ospitale-balantzeak eta ZIU oheen okupazio-erritmoak «joera aldaketa positiboa» adierazten dute.