NAIZ

Egurra garraiatzen ari zen laborari bat hil da Oragarren

55 urteko gizonezko baten heriotza eragin zuen istripua gertatu zen, atzo, Nafarroa Behereko Oragarre herrian. Egurra garraiatzen ari zela traktoretik erori ostean hil zen laboraria.

Egurra garraiatzen ari zen 55 urteko gizon bat hil zen, atzo arratsaldean, Nafarroa Behereko Oragarre herrian. Laboraria egurra garraiatzera joan zen etxaldetik inguruko landa eremu batera. Iluntzean laboraria etxera ez zetorrela ikusirik alaba laborantza sail horretara bertaratu zen.

Alabak atzeman zuen aita trakorearen ondoan eta berak eman zien berehala istripuaren berri sorospen zerbitzuei. Hala ere, medikuek ezin izan zuten ezer egin pertsona horren bizitza salbatzeko, ‘Sud-Ouest’ egunkariak gaur plazaratu duenez.

Laursailean, traktorearen ondoan atzeman zuen alabak gizonezkoa. Sorospen deia egin eta Samu zerbitzuko kideak lan istripua gertatu zen tokira bertaratu ziren. Oraindik ere ez dira guztiz zehaztu Oragarreko bizilagunaren heriotzaren arrazoiak.

Izan ere, aipaturiko egunkariak gaur eguerdian argitaratu duen albistearen arabera, istripuaren ondotik abiatu diren lehenengo ikerketek gizona traktoretik erori ostean hil zela ondoioztatzen dute.

Hipotesi horren arabera, egurra garraiatzera joandako laboraria traktorearekin malda bat igotzekoan zen nonbait ibilgailuaren kontrola galdu zuenean. 55 urte zituen laboraria traktoretik erori zen eta kolpe horren ondorioz zendu zen.

Istripuaren ondoren eginiko azterketek zehaztuko dute, hala ere, heriotzaren arrazoia.