Ezarritako industriaren «hibernazio-etapa» amaituta, funtsezkoa ez den industria eta eraikuntza lanei ekingo zaie astearte honetan Hego Euskal Herrian. Behargin horietako askok garraio publikoa hartu beharko dute euren lanpostuetara heltzeko eta bidaia horietan kutsatzeak ekiditeko banatuko diren maskarak Covid-19 gaitzaren aurkako bitarteko eraginkor bat baino, «kontzientziazio ariketa gisa» ulertu behar direla adierazi du Josu Zubiaga Lakuako Segurtasun sailburuordeak.
Radio Euskadin egindako adierazpenetan, asteartetik aurrera banatuko diren 500.000 maskarak «sanitarioak» baino «higienikoak» direla ohartarazi du, paper mota batekin eginak eta erabilera bakar baterako, hau da, gaitzaren aurkako babes neurri nagusiak eskuen garbitasuna eta pertsonen arteko distantziak izaten jarraituko dute. «Kutsatzeak saihesten laguntzen dute nolabait, baina ez eskuak garbitzen ez badira eta pertsonen arteko distantzia mantentzen ez bada. Beraz, bitarteko eraginkor bat baino, oroigarria dira gehiago», adierazi du. Eperik zehaztu gabe, «etorkizunean» beste mota bateko maskarak helduko direla iragarri du.
Babes neurri hauek nola banatuko diren ere zehazteko dago oraindik, gaur itxiko omen dira Lakuak eta Espainiako Gobernuak izango duten bileran azken detaileak, baina banaketa hurrengo bi egunetan egingo omen da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako tren, metro eta autobus geltokietan. Printzipioz, Gurutze Gorria eta DYA arduratuko lirateke banaketaz.
Zalantza hauetatik uler liteke, agian, publiko egin duen oharrean, Lakuak «garraio publikoa, beharra dagoenean soilik erabiltzeko» egin duen gomendioa. Gasteizko Gobernuak jarduera ekonomikoetarako protokolo bat dagoela gogoratu du eta hau zorrotz betetzearen garrantzia nabarmendu du «jarduerara itzultzeak ez dezan ekarri erlaxaziorik dokumentuan jasotzen diren neurrien aplikazioan». Hori bai, gida horretan arriskuen erantzukizuna enpresen esku uzten dute.
Obra publikoa, martxan
Ohar berean iragarri duenez, jarduera industriala martxan jarriko den bezala, obra publikoak ere asteartean ekingo dio bere jarduerari, martxoaren 30etik geldirik egon ondoren. Hain zuzen ere, Euskal Trenbide Sarearen obra guztiak bihar berrabiaraziko dituzte, esaterako Abiadura Handiko Trenaren lanak.