naiz

Talka plan bat proposatu du EH Bilduk Legebiltzarrean, kultura «amildegitik salbatzeko»

Lakuak kultur eragileekin batera krisi mahai bat sortzeko proposamena egin du EH Bilduk Gasteizko Legebiltzarrean, iritzita koronabirusaren krisiak «amildegi ertzean» jarri duela euskal kulturgintza.

Arriaga antzokia itxita koronabirusagatik. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Arriaga antzokia itxita koronabirusagatik. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

EH Bilduk legez besteko proposamena aurkeztu du Legebiltzarrean, Diputazio Iraunkorrean premiaz eztabaidatu dadin, kulturgintza «salbatzea» helburu duen talka plan bat martxan jartzeko, koronabirusak sektore hori «amildegi ertzean» ipini baitu, Josu Estarrona legebiltzarkideak ohartarazi duenez.

Estarronaren esanetan, «euskal kulturgintzaren prekarietatea egiturazko arazoa da, baina pandemiak arazoa izugarri larriagotu du eta horrek erantzun azkarrak ematera behartzen gaitu, kulturak edozein herritan izaera estrategikoa duen heinean; ezinbestekoa da neurriak premiaz hartzea adierazpen artistiko guztietako langileen biziraupena eta iraunkortasuna bermatzeko». Bestela, erantsi du, «krisialdi honek amildegira eraman dezake gure kultura ekosistema».

EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu du Gobernu espainolak iragarritako neurriek ez diotela «behar bezala erantzuten gure ekosistema kulturalaren errealitateari, ez eta inolako estaldurarik eman ere sektoreko esparru prekarizatuenei». Halaber, iritzi du Lakuak aurkeztutako neurrien artean ere ez dagoela ezer «industria kulturalak dituen ezaugarri espezifikoei erantzuteko».

Hori dela eta, kulturgintza «salbatzeko» EH Bilduk aurkeztu duen proposamenaren lehenengo puntuak Gasteizko Gobernuari dei egiten dio sektoreko eragileekin batera krisi mahaia sor dezan, kulturgintzarako urgentziazko talka plan integrala bertan diseinatu eta adosteko.

Talka plan horrek bere baitan jasotzen ditu diru-funts bat sortzea sektoreari laguntzeko; bertan behera geratu diren emanaldi eta proiektuak berreskuratzeko konrpomisoa; sorkuntza bultzatzeko diru-laguntzak handitzea eta BEZa murriztea edo bertan behera uztea, besteak beste.