naiz

ELAk salatu du Lakuak baimena eman duela Araluceko 141 langileak kaleratzeko

Sindikatuak salatu duenez, Araluceko langile guztiak kaleratzea baimentzen duen txosten bat igorri dio asteazken honetan Lakuako Lan Sailak.

Igorreko lantokian iaz langileek egindako protesta. (Monika DEL VALLE/FOKU)
Igorreko lantokian iaz langileek egindako protesta. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Araluceko langile guztientzako Enplegua Arautzeko Espedientearen kontsulta-aldia amaitu ondoren, Bilboko 2. Merkataritza Epaitegiak Lakuako Lan Agintaritzari bidali zion txostena, eta azken honek, baimendu egin zuen, ELAk asteazken honetan salatu duenez. «Horixe adierazten du Lan Agintaritzaren aldetik apirilaren 14an jaso dugun ‘txostenak’. Jakinarazpen horretan adierazten da Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak 141 langileren kaleratzea babesten duela», agertu du.

Sindikatuak deitoratu egin du Lakuak espediente hori baimentzea, nahiz eta, lan-ikuskatzailearekin aldez aurretik izandako bilera batean, zentral horrek adierazi kontsultaldiaan ez zirela legezko formulak bete.

Halaber, Batz eta Aralucek «fede txarrez» jardun dutela kritikatu du, enpresako langile guztiak, 141, kaleratzen saiatu baitira soldatarik eta kalte-ordainik ordaindu gabe. «Batz eta Araluce enpresek enpresa-talde bat osatzen dute lan-ondorioetarako; beraz, Batzek ere erantzun beharko lieke Araluceko langileei», gaineratu du sindikatuak.

Salatu du, bestalde, Lan Ikuskaritzak zentralari igorritako txostenak ez duela bi aldeen artean izandako «bileraren baloraziorik egiten, ezta idatziz eta ahoz planteatutako argudio bati ere ez dio erantzuten». «Bi orrialdeko txosten negargarri bat kaleratu du. Orain ulertzen dugu Lan zuzendariak zergatik ez zuen bildu nahi izan Araluceko batzordearekin. Ez zuen ausardiarik 141 familiei esateko atzo jasotako 2 orrialdeetan jasotzen dena», agertu du.

«Aberrazio» deitu dion egoeraren aurrean, ELAk ohartarazi du bide judizialak ere erabiliko dituela gertaera argitzeko.