2020ko azaroa eta abenduan egingo den Euskaraldiaren bigarren ediziorako prestatzeko Etxealditik Euskaraldira ekimena aurkeztu du gaur Euskaltzaleen Topaguneak. Apirilaren 20an hasiko da sare sozialetan kanpaina baten bitartez, eta «etxean eta etxetik ditugun harreman-komunikatiboetan euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan» egitea du helburu.
Etxealditik Euskaraldira ekimenak konfinamenduan ere herritarrek dituzten hizkuntza ohiturak pentsatzeko gonbita egin asmo du, eta, bestetik, euskararen erabilera sustatzeko bitartekoak eskainiko ditu.
«Bizi dugun egoera ezohiko honetan, oraindik ere, zerbait baldin badaukagu elkarrekin hitz egiteko aukera, gogoa eta nahia dira. Orain ditugun ia harreman gehienak hurbilekoekin ditugula jakinda, erabiltzen dugun hizkuntzaren gainean pentsatu eta aldaketak egiteko pausoa emateko aukera aproposa izan daitekeela iruditzen zaigu. Izan ere, etxeko konfiantza giroan aldaketak egin edo ditugun ohiturak finkatzen baditugu errazagoa izango da gerora, etxetik kanpo ditugun ohiturak aldatzen joatea», azaldu du Euskaraldiko koordinatzaile Rita Aldabaldetrekuk.
Aurkezpena, hausnarketa eta ekintza
Datorren astelehenean hasita, hiru alditan banatuko da ekimena: aurkezpena egingo da lehenik, norberak bere eremu hurbilenean dituen hizkuntza-portaera eta ohituren gaineko hausnarketa bultzatuko da atzetik, eta horiek aldatu edo finkatzeko proposamenak jasoko dira azkenik.
Apirilaren 20an argitaratuko da lehen mezua, Etxealditik Euskaraldira ekimena aurkeztu eta argibideak eskaintzeko. Apirilaren 21etik 23ra, berriz, hizkuntza ohituren gaineko hausnarketa egiteko proposamena zabalduko da. «Norekin eta nola hitz egiten dugun eta zer aldatu edo zer mantendu nahi dugun ikusteko ariketa erraz bezain interesgarria proposatuko diegu herritarrei», zehaztu du Aldabaldetrekuk.
Azkenik, apirilaren 24tik 30era, egunerokotasunean eta ohiko egoeretan oinarritutako zazpi ideia-proposamen kaleratuko dira. «Egunero ideia bat sareratuko dugu, baina herritarren aukera izango da denak egitea edo batzuk aukeratu eta gauzatzea», nabarmendu du koordinatzaileak.
Sare sozialen bidez bultzatuko da hau guztia, hala, ekimenak irauten duen artean, goizero-goizero Euskaraldiko facebook, instagram eta twitter kontuetan, Ahobizi zein Belarriprest Telegram kanaletan eta Euskaraldiko webgunean bideo labur eta mezu bidez emango dira Etxealditik Euskaraldira ekimenaren jarraibideak. Herrietako batzordeetako sare sozialen kontuetatik ere jarraitu ahal izango dira argibide horiek.
Herritarren parte hartzea
Ekimena maiatzaren 3an gauzatuko den ekitaldi bateratuarekin amaituko da, eta «komunitateari ikusgarritasuna eta batasuna ematea izango du helburu».
Etxealditik Euskaraldira ekimenak herritarren parte hartzea beharko du, beraz, sare sozialen bidez zein fisikoki parte hartzeko bideak izango dituzte herritarrek.
Aldabaldetrekuk azpimarratu du garrantzitsua dela sare sozialetan @euskaraldia aipamena egitea eta #EtxealditikEuskaraldira traola erabiltzea, Euskaralditik bilketa lana egitea ahalbideratzeko. Bestalde, etxeetan ere leiho eta balkoietan koloretako puntu bat jartzea eskatuko zaie partaide guztiei, ekimenean parte hartzen ari direla adierazteko bide bezala.