Pastoralik ez da izango aurten. 2021. urtera arte itxaron beharko da. Hala baieztatu du ostiral honetan Xiberoko Jauna Alkarteak, herri antzerkiaren antolatzaileak. Ez da delibero erraza izan, baina kultur ekimenaren nortasuna mantendu nahian aurkitu duten bide bakarra izan da. Hori dela eta dudarik ez dutela izan azaldu dio Thomas Erguy Xiberoko Jauna Alkarteako kideak Kazeta.eus-i: «Ez dugu eztabaidarik ukan gure artean».
«Ez dakigu ikusgarriak onartuak edo debekatuak izanen diren, jakinik 3.000 pertsona elkartu ohi direla pastoralean. Gainera entzuten denaren arabera, posible da adin tarte bateko pertsonak etxean egon behar izatea eta ez dugu publikoa zatitu nahi. Denek parte hartzea nahi dugu», aipatu dute elkartetik.
Saiatu dira hitzorduari hutsik ez egiten. Koronabirusak eragindako osasun krisiaren hasieran filmatutako mustraken bidez parte hartzaileak beren etxetik errepikak egiten hasi ziren, baina azkenean ez da posible izan. Bertan behera uztea erabaki dute.
Mahai gainean egon da beste aukera bat ere, pastorala udazkenera atzeratzearena, irailera edo urrira. Baina irtenbide hau baztertu egin da, izan ere pastoralaren nortasunarekin bat ez datorrela iritzi diote.
Aurrera begira zer? Hilean behin elkartzen saiatuko dira mustraken erritmoa ez galtzeko. Hala adierazi du Thomas Erguyk.
Aurtengo pastoralaren afixaren lehiaketa ere martxan jarria zuten antolatzaileek. Jasotako hamalau afixak heldu den urterako gordeko dituzte.
Muskildikoa eta Urdiñarbekoa ere gibelatuta
Pastoralen egutegia urtetako aitzinamenduarekin egiten da, eta 2021 eta 2022koak aurreikusita zeuden jada. Heldu den urtean Muskildin egin behar zen, eta ondokoan Urdiñarben. Baina gibelapen honen ondorioz, beste bi horiek ere urte beteko atzerapenarekin egin beharko direla pentsatzen ahal da. Horrelako egoerarik ez denez orain arte ikusi, horren ondorioak aztertu beharko dira.
Pastoralik gabeko azken urtea duela ia 30 urte izan zen, 1981an hain zuzen ere.
Iazkoa Garat anaiei eskainitakoa izan zen, pagolarren eskutik. Ikuspegi abertzale argia izan zuen antzezlanak, esklaboen eskubideen, Euskal Herriaren askatasunaren eta euskararen aldeko aldarrikapenez jantzi zen. Frantxoa Casetek idatzitako obrak bereziki Domingo Garat zuen protagonista.
Horretaz gain, iaz pastoral alternatiboa ere egin zen Bidarten. ‘Bidartean’ izenburupean, Jean Jakaxuri eskolako 131 haur igo ziren agertoki gainera, 6 eta 11 urte bitartekoak.