NAIZ

Dendak era mugatuan zabaltzea eta kirola bakarka egiteko ahalmena eskatu ditu Urkulluk 27tik aurrera

Maria Chivite ere alarma egoera pixkanaka arintzen joatearen alde azaldu da eta elkargo desberdinen iritzia kontuan izateko eskatu du.

Bilera eta gero prentsaurrekoa eskaini  du Urkulluk (IREKIA)
Bilera eta gero prentsaurrekoa eskaini du Urkulluk (IREKIA)

Denda txikiak era mugatu batean berriro ireki ahal izatea eta kalean bakarka kirola egiteko ahalmena eskatu ditu Iñigo Urkulluk irailaren 27tik aurrera, beti ere segurtasun neurri guztiak hartuta. E.A.E ko lehendakariaren iritziz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoak betetzen dituzte OME-k etapa berri batera aurre egiteko egiteko baldintzak, «norbere babeserako kultura erabat errotu baita biztanleen artean». Maria Chivitek ere «nahiko prest» ikusten du nafar jendartea datorren astelehenetik aurrera alarma egoeraren beste etapa batean sartzeko.

Autonomi erkidegoetako presidenteek seigarren bilera izan dute Pedro Sanchezekin eta honek alarma egoera maiatzaren 9ra arte luzatu ondoren «koordinaziotik eta banatutako erantzukizunetik» aritzeko proposamena egin dio Urkulluk Espainiako presidenteari, honek egoera lasaitzeko neurriak bere ardurapean egingo direla azaldu ostean.

Elkargoen iritzia kontuan harteko deia

Maria Chivitek ere elkargo bakoitzaren egoera eta iritzia kontuan izateko eskatu du eta Urkullurekin bat etorri da, kalera kirola egitera irteteko aukerak arautzen hasteko garaia dela iritzita.

Larunbatean hedabideen aurrean azaldutako neurriez harago berrikuntza gutxi eman omen ditu Pedro Sanchezek gaurko bileran eta behin umeei, era oso mugatuan bada ere, kalera irteteko ateak ireki ostean, normaltasunera nolabait itzultzen hasteko neurrien inguruan aritu dira.

Bide horretan, Iñigo Urkulluk bi eskaera egin ditu hurrengo asteburutik aurrera; denda eta komertzioak «era mugatu batean, segurtasun neurri zehatzekin eta urruntasun fisikoa bermatuta» irekitzen joateko prestatzen joatea eta aire librean kirola egiteko baimena ematea. Neurri hau ere erabat zehaztutakoa izango litzateke «denbora zehatz batean eta kirola taldeka egiteko debekuarekin».

Maria Chivitek ere egoera pixkana lasaitzen joateko proposamena luzatu du, beti ere irizpide epidemiologikoak, pandemiaren garapena eta osasun zerbitzuen erantzun ahalmena kontuan izanda.  Hobetzeko gauzak badiren arren, arlo horietan «nahiko ondo» ikusten du Nafarroa Chivitek, baina PCR testetan «hobetzeko asko» dutela onartuta.

Erabakien inguruan, osasun ondasunei BEZ zerga super murritza ezartzea eskatu du berriz ere, baita adineko pertsonentzako estrategia bat garatzen hastea ere, «konfinamenduak ezin du eta betiereko soluzio bakarra izan».