NAIZ
DONOSTIA

Euskal kontalariek bat egin dute kulturgintzako greba digitalarekin

Astelehen eta astearte honetan euskal kulturgintzak deitu duen greba digitalarekin bat egin dute ipuin kontalariek. Jendartearen osasuna lehentasuna dela aldarrikatuz, uste dute larrialdi egoerak ez dituela ezkutatu behar sortu diren bestelako arazoak. «Eta horietako bat, eta ez txikia, kulturgintzaren arloari dagokio», adierazi dute idatzi batean. 

Euskal kulturgintzak astelehen honetan abiatuko du greba digitala.
Euskal kulturgintzak astelehen honetan abiatuko du greba digitala.

Euskal kontalariak sortzaileek deitu duten greba digitalaren alde agertu dira eta jarrera berresteko idatzi bat sinatu dute hogeita hamarretik gora kontalarik. ‘Ipuina isildu, ipuina entzun dadin’ izenburupean, sektoreak aurretiaz bizi zuen egoera ahula aipatzen dute eta kezkak planteatzen dituzte osasun larrialdi honek utziko duen panoramaren inguruan.

«Ipuinak kontatzerakoan isiluneak, musikan bezala, narrazioaren parte dira. Isiltzeak erritmoari bizia ematen dio, ondoren etorriko den hitza indartuko du. Gogoetarako beta ematen dio entzuleari, etorriko denaren jakin mina pizten, kontaketarako grina ekartzen. Izan ere, isiltzeak ez du esan nahi, derrigorrean ezer esaten ez denik; aitzitik, isiltzea pentsamenduaren oihartzuna izan daiteke». Hausnarketa honekin abiatzen da idatzia.

«Badaude, ordea –jarraitzen du manifestuak–, isilkeria doilorrak, ukaziozkoak, baztertzaileak. Sortzaile eta artisten hitzaren aurrean entzungor gelditzen dena, bazter bidera bidaltzen duena, itzalpera kondenatzen. Honetaz asko dakigu kontalariok, izan ere kultur ekosistemaren parte izanik badakigu zer garrantzi ematen zaion kulturari, gehienetan bere horretan garrantzia eman gabe, bere balio soziala aintzat hartu gabe, bateko edo besteko krisiak jendartea jotzen duenean, kultura delarik lehenengoa bazterrean uzten dena».

Bizitzen ari garen krisi sozio-sanitario «larria» aipatzen dute, sektore guztietan «gogor kolpatzen» ari dena. Kulturgintzan ere, «nola ez». Zentzu horretan, argi dute hartu behar diren erabaki garrantzitsuenak herritarren osasunaren zaintzarako direla, «osasunak lehenengoa izan behar du erabaki guztietan», adierazu dute; baina hots, honek ez lituzke ezkutatu behar sortu diren bestelako arazoak. «Eta horietako bat, eta ez txikia, kulturgintzaren arloari dagokio».

Antzokiak, liburutegiak eta kultur guneak ixteak, kultur programazio guztiak bertan behera uzteak, etorkizunean zer gertatuko denaren ez jakiteak… «honek guztiak ekarri du kontalari askoren lana bertan behera gelditzea, honek dakarren larrialdi ekonomikoa eta pertsonalarekin; baina baita ere, ipuin kontaketak zaletuengana heltzeko ezina. Eta edozein kultur jarduna kaltetzea, jendartea beraren kalterako da», diote.

Ipuinak bizirik

Gaur egun baliabide teknikoek eta internet sareak ematen dituen aukerei esker, diotenez, ipuinak bizirik diraute, ezinbesteko aurrez aurreko formatuan ez bada ere. Egoera honetan kontalari asko ari da bere lana eskaintzen herritarren konfinamendua arintzeko nahiarekin. «Ipuinak bizirik diraute, hitza ez da isildu. Kontakizun liluragarriak, pertsonaia fantastikoak, herrialde miragarriak oraindik jendearen irudimena pizteko ahaleginetan ari dira».

Baina batek ez du bestea kentzen, ohartarazi dute. Inportantea da, ezinbestekoa, sortzaileek eta artistek bizi duten egoera ez ahaztea. «Ezin du ahantzarazi kulturak bizi duen egoera, lehen prekarioa bazen, oraingoan larriago bihurtu dena. Horregatik euskal kontalariok apirilaren 21 eta 22an egingo den greba digitalarekin bat egingo dugu. Gure ahotsa isilduko dugu, entzun gaitzaten. Gure isiltasuna erabiliko dugu istorioa aurrera egin dezan, kontakizuna eten ez dadin. Gure isiltasuna oihartzuna izan dadin».

Greba digitala iragarri zutenetik, sortzaileek sektore barruan zein kanpoan babes handia jaso dute eta dagoeneko kultura arloko 750 pertsonek baino gehiagok egin dute bat astelehen honetan hasiko den protesta ekimenarekin.