Amagoia Mujika

Oinherri: «Irteerarako baldintza duinak eskatu behar ditugu, haurrak kontuan har ditzaten»

Oinherri Herri Hezitzailea ekimena osatzen duten eragileek ahotsa altxatu eta haurtzaroaren defentsarako manifestua kaleratu dute. Osasun larrialdi honetan, «haurrak berriz ere ahotsik gabeko herritar» gisara hartuak izan direla salatu dute, besteren artean.

Oinherri Herri Hezitzailea ekimena ideia nagusi baten bueltan sortu zen duela urte batzuk: «Haurrak ez dira etorkizuna soilik, oraina ere badira eta hitza izan behar dute». Asteotan bizi dugun osasun larrialdiak gauza asko jarri ditu hankaz gora eta Oinherri osatzen duten eragileen iritziz, inoiz baino ageriago geratu da haurren ahotsa entzuten ez duen jendarte batean bizi garela. «Ez da haurrei eta haien hitzari jaramonik egin ez zaion lehen aldia. Baina oraingoan traizioa gehitu zaio. ‘Aditu’ izenarekin dabiltzan batzuek, haurraren eskubideei eta beharrei muzin eginez eta ‘haurrak gogorrak’ direlako aitzakiapean, kalera ateratzeko aukera ukatu diete», salatu du gogor Oinherrik.

Jakina denez, datorren astelehenetik aurrera haurren konfinamendua samurtzeko neurriak hartuko dira, baina neurri horiek gertutik jarraitu behar direla uste du ekimenak. «Badirudi orain, bost asteren ondoren, goxoki bat eskaini nahi digutela, ea horrekin gure haserrea baretzen ote den. Bide egokia iruditzen zaigu, baina zehaztu gabeko erabakia da. Adi egon behar dugu irteerarako baldintza duinak eskatuz eta haurrak eta nerabeak kontuan har ditzaten».

Hartara, haurren irteera «modu ziurrean eta zentzudunean» egitea beharrezko ikusten dute eta horretarako beharrezko diren baliabideak eskatu dituzte.

Era berean, haurrek itxialdian erakutsi duten «arduraren aitortza» egitea beharrezko ikusten dute. «Ez daukagu zalantzarik kalera ateratzean ere ardura bera erakutsiko dutela, neurriak errespetatuz». Era berean, erabakiak Madrildik hartuko direlako kezkatuta agertu da Oinherri, «testuingurua, hiria, herria, auzoa, espazioak ez dira kontuan hartuko, ezta haurren beharrak eta ahotsa ere», salatu dute. Bide horretan, nabarmendu dute helduen egitekoa dela haurren ahotsa entzunaraztea eta haien eskubideak aldarrikatzea.

Norabide horretan, Oinherritik deialdia egin dute datorren apirilaren 26an, eguerdiko 12.00etan, etxe, leiho eta balkoietatik txaloak jotzeko, «haurrak zoriontzeko erakutsi duten jarreragatik; hurrengo egunean Hego Euskal Herriko haurrek kalera atera ahal izango dutela ospatzeko eta haurren ahotsak entzuna izan behar duela aldarrikatzeko». Manifestuarekin bat egin daiteke honako helbidean: www.herrihezitzailea.eus