Astearte honetan hasi eta datozen asteetan dinamika bat garatuko du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak. Eraldaketa sozial sakon eta iraunkor baterako kanpaina abiatuko du, Euskal Herria konfinamendu egoeran egon arren. Zehazki, hamar dira zabalduko dituzten lehentasunezko aldarrikapen sozialak.
Honakoak dira: «Zerbitzu publikoak garatzea eta osasun sistema publikoa indartzea; egoera prekarioenetan dauden kolektiboak babesteko neurri eraginkorrak hartzea; oinarrizko eskubideak bermatzeko neurri zehatzak bultzatzea; zaintza lanak aitortu eta bermatzea; indarkeria matxistari aurre egiteko premiazko neurriak hartzea; lanpostuen defentsa; informazio eskubidea bermatzea; krisiaren eragina langileek ez ordaintzea; lurraldea sustraitutako ekonomia sareak babesteko neurriak hartzea; eta burujabetza sustatzea bizitza sustengatzeko, eskubide eta askatasunen alde, autoritarismoaren aurka, eredu berria martxan jartzeko».
«Koronabirusen krisialditik aterako gara, baina nola? –galdetzen dute–. Gure kanpainak ziurtatu nahi du ataka honetan bizitza kapitalismoari gailenduko zaiola. Garaia da momentuko egoerari aurre egiteko neurriez gain zaintzak eta bizitzak erdigunean jarriko dituen sistema berri bat eraikitzeko», azaldu dute.
Greba orokorrari segida
Duela hiru hilabete eskas, urtarrilaren 30ean, milaka izan ziren pentsio, lan eta bizitza duinaren alde greba orokorrera batu ziren langile eta herri sektoreak. Eta kanpainak horri emanen dio segida. «Salbuespen egoeran dago Euskal Herria, konfinamenduan. Osasun krisia, askotan aipatu dugun sistemaren krisiaren erdian eman da eta nola ez, krisi guztietan bezala, sistema kapitalista, heteropatriarkal, natura suntsitzaile eta arrazistaren kudeatzaileek langileon bizkarrera bota nahi izango dituzte egoeraren ondorioak», egin dute gogoeta Karta Soziala osatzen duten eragileek ohar batean.
«Koronabirusak ez du krisia sortu, krisia lehenagotik zetorren, alarma egoeran hartu diren neurriek are ageriago utzi dute gehiengoaren kontra eta gutxiengo baten aldeko logikan oinarritzen den sistema honek ez duela funtzionatzen. Sistema kapitalista da bizitza eta kapitalaren arteko krisia areagotzen duena. Beraz, garaia da momentuko egoerari aurre egiteko neurriez gain, zaintzak eta bizitzak erdigunean jarriko dituen sistema berri bat eraikitzeko», defendatu dute.
Gaur koronabirusak sortutako testuingurua kezkaz bizi dute. «Lehenik, langile eta oro har herritarron osasuna delako kolokan dagoena epe laburrean, eta epe ertainean, osasun krisiaren testuingurua baliatuz, elite ekonomiko eta politikoen beste eraso baten aurrean kokatu gaitzakeelako», azaldu dute. Gaurko eredu sozialak aldaketa sakonak behar dituela uste dute eta horren aldeko bidea aldarrikatu eta egiteko prest agertu dira.